Skip to main content

ASOCEX

2016/05 Mendigorriako Udalaren finantza egoera (2014)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/05 Mendigorriako Udalaren finantza egoera (2014) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Mendigorriako Udalaren finantza egoera aztertu du. Azterketa Mendigorriako udalak berak eskatu zuen iazko ekainean, udalaren zor handia oso kezkagarria zela argudiatuta.

 Kontuen Ganberak dioenez, 2015eko hasieran udalak 1,7 milioiko zorra zuen, 2006 eta 2008an harturiko kredituen ondorioz. Zenbateko horrek nabarmen gainditzen du legezko zor-muga, eta aurrekontu egonkortasuna betetzeko finkaturikoa. Alde horretatik, aipatzekoa da zor-maila handiena 2008koa izan zela, urte hartan Mendigorriako Udalaren zorra bi milioitik gorakoa izan baitzen. Geroztik, zorra gutxitzen hasi zen eta ez da berririk hartu.

 2000tik 2014ra, Mendigorriako Udalak 7 milioi euro gastatu zuen herriko hainbat azpiegituratan: zolaketa, frontoia, igerilekua eta futbol Zelaia, haur eskola, saihesbidea, zentro zibikoa eta udaletxea. Inbertsio horien ondorioz sortu da udalaren zorra.

 2015eko aurrekontu emaitzari begira, ordea, egoera ez da hain kezkagarria. Izan ere, udala aurrezkia sortzeko gauza da, diru-sarrerak gastuak baino handiagoak direlako. Dena den, egia da zor maila handiak kolokan jar lezakeela udalaren  bideragarritasuna.

 Zor maila handia izanagatik ere, udalak ez du kredituen zenbateko osoa gastatu (600.000 euro daude gastatu gabe): eta, bestalde, kredituen baldintzak oso onak dira: interesa 0,4 eta 0,5ekoa da, eta ez da komisiorik ordaintzen gastatu gabeko funtsengatik eta aldez aurretik eginiko amortizazioengatik. Baldintza horiei esker, udalak kreditu horiek erabili ahal izan ditu diruzaintzan arazoren bat zuenean, kreditu kontuak kontu korrontetzat erabiliz.

 Txostenak zorraren zama gutxitzen segitzeko hiru urteko plana egiteko eskatzen du. Diru-sarrerak handitu eta ohiko gastuei eustea dira, noski, estrategiaren oinarriak. Kontuen Ganberaren ustez, inbertsioetan irizpide argia behar da, beharrezkoenak lehenesteko.  Katastroaren balioak ere gaurkotu beharra azpimarratzen du, eta udal zergen zenbatekoez hausnarketa ere egitea ona litzateke. Azkenik, udal zerbitzuen tasa eta prezioak zerbitzuaren kostura egokitzeko beharra aipatzen da.