Skip to main content

ASOCEX

2013/08 Menpekotasun arloko egoitza eta eguneko zentroei buruz (2008-2012)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak menpekotasun arloko zerbitzuei buruzko txostena kaleratu du, hainbat talderi eskaintzen zaizkien egoitza eta eguneko zentroen egoera aztertzeko. Txostenak zerbitzuen azken urteotako bilakaera aztertzen du, bai eta horretan gastaturiko dirua ere.

Kontuen Ganberak dioenez, Nafarroako Gobernuak 119 milioi gastatu zituen iaz egoitza eta eguneko zentroetan. Horretan daude sarturik zahar-etxeen kudeaketa, minusbaliatu eta buruko gaixotasuna dutenendako zentroa, eta egoitza pribatuak ordaintzeko diru-laguntzak ere.

Azken lau urteotan, %15 igo da arlo honetan gastaturikoa. Igoera kudeatzaile pribatuendako gastuak eragin du, 20 milioitik 40ra handitu baita. Zentro publikoen gastua, berriz, gutxitu egin da: 16 milioitik 13ra.

Zahar-etxeetako eskaintzari dagokionez, %61 handitu da: 1.233 lagunendako tokia zegoen duela la urte eta iaz 1.989 zeuden. Eguneko zentroetan, ordea, ez da aldaketarik izan, ehunen bat dira guztira.

Minusbaliotasun arloan, egoitzetan 480 leku eskaintzen dira, beste 229 eguneko zentroetan eta 98 etxebizitzetan. Azken hauen eskaintza da gehien igo dena.

Buruko gaixotasuna dutenendako eskaintza nabarmen handitu da, bai egoitzetan nola eguneko zentro eta errehabilitazio zentroetan. Guztira 400 bat plaza eskatzen dira.

Kontuen Ganberak dioenez, eskaintzak gora egin du zerbitzu gehienetan, batez ere eremu pribatuan eginiko kontratazioaren ondorioz. Salbuespena buruko gaixoena da, arlo horretako igoera Felix Garrido zentro publikoaren sorrerak eragin baitu.

Gastuaren bilakaerari dagokionez, hirugarren adinekoendakoa %60 handitu da: 30 milioitik 47ra pasatu da. Igoera enpresa pribatuekin eginiko kontratuek eragin dute, zentro publikoen kudeaketa publikoan gutxiago gastatu baita.
Minusbaliotasun arloan ere beste horrenbeste gertatu da. Azken arlo honetan 33 milioi miloi gastatu ziren iaz.

Txostenak zerbitzuok kudeatzeko kontratuak ere aztertu dira. Gaur egun, zerbitzu bera kudeatzeko kontratuak era askotakoak dira, zentro bakoitzean eginiko negoziaketaren ondorioz. Gobernuak moduluak egokiago antolatzeko ahalegina egin badu ere, hobetu beharreko kontua da, batez ere arretaren kalitatea eta baliabideen erabilera egokia hobeki neurtzeko.

Kontuen Ganberak arreta sistema homogeneoaren aldeko apustua egiten du. Haren ustez, hirugarren adinekoendako zentroetan modulu bakarra behar da, guztiendako kalitate maila bera bermatuko duena. Txostenak inspekzio zerbitzua indartzeko beharra ere azpimarratzen du, ordainduriko prezioen araberako zerbitzua eskaintzen duela bermatu behar duelako.