Skip to main content

ASOCEX

2016/22 Miguel Indurain Fundazioak jasotako diru-laguntza publikoak (2005-2015)

Argitalpen data
Kontuen Ganberak Miguel Indurain Fundazioak jasotako diru-laguntza publikoei buruzko txostena kaleratu du. Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen txostena, gobernuari babesa ematen dioten Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerrak bultzatuta.

Miguel Indurain Fundazioa 1998an sortu zen. Sortzaileak hiru izan ziren: Nafarroako Gobernua, Merkatal Ganbera eta Nafarroako Kutxa. 270.000 euroko ekarpena egin zuten, bakoitzak herena ordainduz. Fundazioa izaera pribatua dauka, eta goi mailako kirola bultzatzea du helburu. Horretarako era ezberdinetako ekimenak bultzatzen baditu ere, punta-puntako kirolariendako diru-laguntzak dira fundazioaren ardatz nagusia.

Fundazioaren batzordeak lau kide ditu: hiru Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutukoak eta bestea, berriz, Merkatal Ganberak izendatua. Fundazioak ez du langilerik eta haren kudeaketa ekonomikoaz kirol kudeaketa arloko enpresa bat arduratzen da.

Azken hamar urteotan, Indurain Fundazioak 2,4 milioi jaso ditu administrazio publikoetatik. Nafarroako Gobernuak 2,1 milioi eman zion, eta gainerakoa Iruñeko Udalak. Aipatzekoa da Iruñeko Udalak 2014tik ez diola diru-laguntzarik ematen, punta-puntako kirolariendako babesa ez dagokiola argudiatuta.

Fundazioaren diru-sarreretan laguntza publikoek izan duten pisua aldatu urtetik urtera. Portzentajerik handiena 2009koa izan zen: %54. Txikiena, berriz, 2014koa: %19.

Kontuen Ganberak dioenez, Indurain Fundazioak jasotako laguntza legezkoak dira. Bestalde, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren kontrol lana hobetzen joan da azken urteotan.

Txostenak gomendio argia azpimarratzen du: izaera pribatua duen fundazioa publiko bihur dadila. Izan ere, administrazio publikoek sortua da, Gobernuak kontrolatzen du eta, gainera, sektore publikoak diruz laguntzen du.

Hori guztia kontuan hartuta, esan bezala, Foru Administrazioaren menpeko fundazio publiko bihurtzeko eskaera egiten du Kontuen Ganberak. Horrek estatutuen aldaketa ekarriko luke, eta fundazio publikoek kontratazio, aurrekontu, kontu eta finantza kontrolean bete beharreko eskakizun batzuk betetzera beharko luke.