Skip to main content

ASOCEX

2016/23 Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioa

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2016/23 Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioa ()
Nafarroako Kontuen Ganberak osasun arloko ikerketa publikoaren egoera aztertu du, bereziki Miguel Servet-Navarrabiomed fundazioaren bitartez eginikoa. Txostena Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen, Ahal dugu taldearen ekimenez.

Txostenak gogoratzen duenez, Miguel Servet Fundazioa 1986an sortu zen, osasun publikoan ikerketa bultatzeko asmoz. 1994an Ikerketa Biomedikoaren Zentroa sortu zen, Osasunbideko profesionalen ikerketarako. Handik zortzi urtera, zentroak Navarrabiomed izena hartu eta Servet Fundazioarekin bat egin zuen.

Fundazioa zuzentzen duen patronatuan Nafarroako Gobernuko eta Unibertsitate Publikoko ordezkariak daude.

Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioak iaz hiru milioi eta erdi gastatu zuen, gehiena langilerian: bi milioi eta erdi. Fundazioak 108 langile baditu ere, batzuek lanaldi murritza dute.

2010ean osasun ikerketarako beste fundazio bat sortu zen: IdiSNA. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateak eratu zuten. Fundazioa zuzentzen duen patronatuan bi erakundeetako ordezkariak daude. Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere bertan sartuko dela dago aurreikusia. Hala balitz, hiru patronatu kide izendatuko lituzke, Osasun Departamentuko hiruren tokian.

IdiSNAren bitartez Nafarroak Estatuak onarturiko lehen ikerketa zentroa lortu nahi du, hori ezinbestekoa baita diru-laguntzak lortzeko. Madrilgo Carlos III institutua da osasun ikerketaren estatu mailako erreferentzia nagusia, ikerketa kudeatzen eta finantzatzen baitu. Hari eskatu zaio baimen ofiziala, eta behin betiko onarpenerako kontu batzuk falta badira ere, IdiSNA proiektu batzuetarako laguntzak jasotzen hasia da.

Fundazioko kudeatzailea Gobernuak izendatua da. Zuzendari zientifikoa, berriz, Nafarroako Unibertsitateak aukeratzen du.

Konklusioak

Nafarroako Gobernuak, azken urteotan, osasun ikerketa bultzatzeko ahaleginak egin ditu. Navarrabiomed eta IdiSNA sortu izanak, eta ospitaletako ikerketa zentroaren eraikuntzak horixe frogatzen dute. Dena den, Navarrabiomed-i dagokionez, plan estrategikorik eza nabarmentzen da. Kontuen Ganberak dioenez, kontu garrantzitsu batzuk zehazteko daude: helburuak, fundazioaren azpiegitura eta finantzabideak.

Osasun ikerketara bideratutako dirua, batez ere, fundazioaren zentroan gastatu da: 21 milioi. Ikerketa zentroa ez ezik, Osasunbideko laborategia eta biltegia ere bertan daude. Aipatzekoa da, eta harritzekoa aldi berean, holako helburua duen zentro batek kalifikazio energetikorik txarrena duela, hots, G.

Fundazioaren kontuei dagokienez, auditore pribatuek aztertzen dituzte eta aldeko iritzia eman dute. Iaz 3,7 milioi gastatu eta milioi erdia galdu zuen, Europatik jasotzekoak ziren diru-laguntzak ez baitziren heldu.

Osasun Departamentuak 2012-2015 epean 5,5 milioi bideratu du osasun ikerketara, aurrekontuaren %0,13. Horretatik, 3,8 milioi fundazioaren egitura-gastuetarako erabili da, eta gainerako ikerketa proiektuetarako. Epe berean, Nafarroak 3,8 milioi jaso ditu ikerketa-proiektuetarako. Miguel Servet-Navarrabiomed Fundaziokoak ziren ikertzaile nagusiek horren %54 lortu dute.

Jasotako 3,8 milioitik, 2,5 Estatuak eman ditu eta beste milioi bat Europaren eta Nafarroaren artean.

Ikerketa arlo nagusiak minbizia eta kardiologia dira, 20 eta 5 proiekturekin. Psikologia eta neurologia dira beste arlo nagusienetakoak.

Osasun ikerketaren egoera ikusita, Kontuen Ganberak kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk ematen ditu. Hasteko, plan estrategiko bat eskatzen du, ikerketaren helburu, eredu eta finantzabideak zehazteko. Osasun ikerketa osasun publiko eta lehen arretara ere zabaldu beharra aipatzen da. Unibertsitate Publikoak ere parte hartzea eskatzen du.

IdiSNAren arautegia osatu beharra dago: administrazio-antolaketa zehaztu, Nafarroako Unibertsitate Publikoa bertan sartu eta akreditazioa sistema lortu. Horrez gain, IdiSNA Osasun Departamentuaren zerbitzu bihurtzeko aukera aipatzen da, mediku eta erizain ikertzaileek horretaz baliatzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, Osasunbideko profesionalen artean ikerketa bultzatzeko beharra ere azpimarratzen da, oraingo egoeran ez baitute laguntza handirik jasotzen. Ibilbide profesionalerako ez du eragin handirik, eta diruz ere ez dago saritua. Hori birplanteatu beharra aipatzen da.