Skip to main content

ASOCEX

2011/33 Nafarroako 2010eko 500 biztaletik beherako udalak

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak 500 biztanletik beherako udalerrien egoerari buruzko txostena kaleratu du. Horren bitartez, Nafarroako udal txikienen egoeraren berri emateaz gain, kudeaketa-arazo nagusiak ere ezagutu nahi zituen.

Txostenak udalen arlo gehienak aztertu ditu, hala nola zerbitzuak, langileria, zergak eta hirigintza. Informazio orokorraz gain, eranskin moduan udal bakoitzari dagokion fitxa dakar. Bertan udalerri bakoitzaren aurrekontu datu nagusiak, azken urteotako eboluzioa eta bataz bestekoarekiko konparazioa bildu dira.

Nafarroan 500 biztanletik beherako 150 udalerri daude, guztien %55. Estellerri eta ipar-mendebaldean daude kokaturik gehien bat. 34 herri bat baino gehiagoko udalak dira, eta guztira 141 kontzeju biltzen dituzte. 500 biztanletik beherako udalerrietan 30.000 nafar bizi dira, biztanleriaren %4,4. Herriotan, bataz beste, 200 biztanle bizi dira.

Txostenak emaniko datuen arabera, udal txikienek 39,3 milioi gastatu zituzten iaz, eta 41,4 bildu. Biztanle bakoitzeko gastua 1.650 euro izan zen.

Udalarekin harremanetan jartzeko moduari dagokionez, bi dira nagusi: bulegora joanda edo telefono deia eginez. Udalen %56k web orria badu ere, oro har ezin da tramiterik egin, eta ezta dokumenturik jaitsi ere.

Informatizaturik dauden kudeaketa prozesuak honakoak dira: zerga-erroldak, diru-bilketa eta kontabilitatea. Hondakinen bilketa eta oinarrizko gizarte zerbitzuak mankomunitateen bitartez kudeatzen dira. Udalen %51k ez du kultur edo kirol ekitaldirik antolatzen.

500 biztanletik beherako udalek 310 langile dituzte. Postu nagusiak honakoak dira: idazkari-kontu hartzailea (125), era askotako zerbitzuak egiten dituzten langileak (60), administrari-laguntzaileak (57) eta administrariak (39).

Zinegotzi guztien artean bakar batek dauka esklusibotasuna, beste 59k jardunaldi murritzeko soldata kobratzen dute eta gehienei dietak ordaintzen zaizkie. Zortzi udalek ez die deus ordaintzen zinegotziei.

Zerga-kudeaketari dagokionez, %88k derrigorrezko guztiak ordainarazten dituzte, baina katastro gehienak ez daude gaurkoturik. Zergen bataz besteko zenbatekoak legeak agindurikoen barnean daude, maila erdian.

Bederatzi udalek zerbitzuak emateko erakunderen bat sortu dute. Hirigintzari dagokionez, 28 udaletan ez dago inolako planik.

Udalok dituzten arazo nagusien gaineko azterketa ere egin da. Gehienen ustetan, legeak zorrotzegiak dira, ez baitute kontuan hartzen udal txikien egoera eta, batez ere, bitarteko falta. Teknologia berriak martxan jartzeko behar luketen kanpoko laguntzarik ez dago, eta idazkari asko behin behineko kontratadunak dira. Bestalde, idazkarien prestakuntza ez da egokiena behar berriei aurre egiteko. Azkenik, udaletako arduradun askoren iritzia da inbertsio eta zerbitzu berrietarako dirurik ez dutela.

Txostenak Nafarroako udal maparen antolaketa berria eskatzen du, zerbitzuen kalitatea hobetzeko ezinbestekoa delakoan. Bestalde, udal erakunde bakoitzaren zereginak argi definitu behar dira, eta baita finantzabideak ere. Azkenik, beharrezkoak ez diren zerbitzuetan zuhur jokatu behar dela azpimarratzeaz gain, Kontuen Ganberak inbertsioen gaineko azterketak eskatzen ditu, bai hasierako kostuaz eta baita ondorengo mantentze-gastuaz ere.