Skip to main content

ASOCEX

2020/13 Nafarroako Berdintasunerako Institutua (2016-2019)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren azken hiru urteko kudeaketa aztertu du.

Institutuak lau milioiko gastua egin zuen iaz. Milioi eta erdi transferentzia arruntetan gastatu zen; beste horrenbeste ondasun eta zerbitzuetan; eta milioi bat langilerian. Institutuak 24 langile ditu, 14 finkoak eta gainerakoak kontratatuak.

Gastuaren helburuari erreparatuta, zati nagusia –%52- genero indarkeriaren aurkako ekimenetan gastatzen da; %39 berdintasunera bideratzen da; eta gainerako %9 LGTB kolektibora.

2015etik, genero ikuspegia politika publikoetan

2015etik, genero berdintasun arloan aurrerapauso nabarmen batzuk egin dira. Horietako bat, politika publikoetan genero ikuspegia txertatu izana, berdintasun atalak sortuz eta aurrekontuetan ere genero ikuspegia kontuan hartuz. Foru Administrazioaren arautegi, plan eta egitasmoetan ere kontuan hartzen da genero berdintasuna.

Berdintasunerako Institutua udalekin ere lanean ari da kontziliazio hitzarmenak egin eta berdintasun agenteen kontratazioa bultzatzeko. Gaur egun, 26 udal eta mankomunitatek dute berdintasun agentea.

Institutuak emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa ere bultzatzen du, helburu hori duten proiektuei diru-laguntzak emanez.

 Foru Administrazioko emakume goi kargudunak, %40

Txostenak goi mailako postu publikoak aztertu ditu, emakumeen portzentajea zein den jakiteko. 2019ra arte, Foru Administrazioko ardura handiko postuetan emakumeak gehiago ziren gizonezkoak baino. Iaz, ordea, portzentajea %40era jaitsi zen.

Alkatetzetan okerragoa da egoera, lau alkatetik bat besterik ez baita emakumezkoa. Zinegotzi kopurua kontuan hartuz, emakumezkoen presentzia %40ra heltzen da

Enpresa pribatuei  dagokienez, berdintasun plana aurkeztu dutenen kopuruak gora egin du. Dena den, oraindik oso maila apalean dago. Are gehiago: legez plana egitera beharturik dauden 250 langiletik gorakoen artean ere, %11k besterik ez du egina.

Indarkeria pairatu duten 1.060 emakume artatuak

Genero-indarkeriaren biktimen babes lana egokia da, egoera horretan dauden emakume guztiek arreta bermatua baitute. Arreta Integralerako zentroek, iaz, genero indarkeria pairatu duten 1.060 emakume artatu zituzten. Duela lau urteko kopuruarekin, halako bi da iazkoa.

2016tik nabarmen handitu dira berdintasunaren aldeko ekimenak, bait ekitaldi publikoetan nola komunikabideetan, sare sozialak barne. Txostenak ontzat ematen du lan hori, baita genero-indarkeriaren aurka eginikoa ere.

LGTB kolektiboaren aldeko lana ere hobetu egin da. Gakoa Kattalingune zerbitzu publikoa da.  2016an sortua, geroztik kolektiboari arreta eskaintzeaz gain, sentsibilizazio lanaz ere arduratzen da.

Kontuen Ganberak, azkenik,  gomendio batzuk eskaintzen ditu institutuaren kudeaketa hobetzen segitzeko. Horien artean, berdintasun planak bultzatu beharra aipatzen da, administrazioan zein enpresetan. Halaber, sentsibilizazio kanpainek biztanlerian duten eragina ezagutzeko azterketak eskatzen ditu.