Skip to main content

ASOCEX

2007/06 Nafarroako enpresa publikoak: langileriaren aukeraketa, kontratuak, agindu-kontratuak eta transferentziengatiko dirusarrerak, 2004

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak enpresa publikoen kudeaketaren arlo batzuk aztertzen dituen txostena ezagutarazi du. Azterturiko gaiak honakoak dira: langileriaren kontratazioa, obra, laguntza teknikoa eta hornidura kontratuak, gobernuaren agindu-kontratuak eta gobernutik jasotako transferentziak.

Txostenaren hasieran emaniko datuen arabera, Nafarroan 28 enpresa publiko zeuden fiskalizaturiko ekitaldian (2004an) eta azken bi urteotan beste hiru sortu dira: Riegos del Canal de Navarra, Sociedad de Promoción de Inversiones e Infraestructuras de Navarra eta Producción Informática de Navarra.

Enpresa publikoei legedi pribatua dagokie, baina publikoak izanik zenbait eskakizun bete behar dituzte aurrekontu, kontu, finantza kontrola eta kontratazio arloetan. Enpresa publiko guztien kontuak Nafarroako kontu orokorretan sartzen dira eta aurrekontuek ere beren jardueraren informazioa jasotzen dute. Bestalde, enpresen finantza kontrola Nafarroako Gobernuari dagokio eta Comptos Ganberak kanpoko fiskalizazioa egin dezake.

Kontratazioari dagokionez, 2004ko legediaren arabera enpresa publikoek lau irizpide bete behar zituzten: publizitatea, konkurrentzia, gardentasuna eta objetibitatea. Irizpide horiek ez betetzekotan, enpresek arrazoitu egin behar dute kontratuaren berezitasuna argudiatuz. Bestalde, adjudikazio arau eta prozedura batzuk ere bete behar dituzte sei miloitik gorako obra kontratuetan eta 237.000 eurotik gorako hornidura, laguntza teknikoa eta zerbitzu publikoen kudeaketa kontratuetan.

Langilerian Lan zuzenbidea aplikatzen zaie, baina langileak hartzerakoan konstituzioak jasotzen dituen irizpide batzuk bete behar dituzte, hala nola, berdintasuna, merezimenduak eta ahalmena. Eta oinarrizko irizpide horiek beste batzuk eskatzen dute: publizitatea, konkurrentzia eta objetibotasuna, horiek gabe ezin baita bermatu langileen aukeraketa prozesua egokia izan dela.

Comptos Ganberak langileen 53 kontratu, 51 obra, laguntza teknikoa eta hornidura kontratu (38 milioi euro), Gobernuak enpreseen esku utzitako 25 agindu-kontratu (24 milioi) eta Gobernuaren 30 transferentzia (13 milioi).

Langileriaren kontratazioa

Azterturiko hamalau enpresetatik seik lehenago aipaturiko irizpideak bete egiten dituzte: Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra, Centro Navarro de Autoaprendizaje de Idiomas, Gestión Ambiental Viveros y Repoblaciones, ITG Agrícola, Navarra de Infraestructuras Locales eta Obras Públicas y Telecomunicaciones de Navarra.

Beste zortzi enpresek, berriz, ez du langileen aukeraketa prozesu objetiborik, enpresa horiek ez baitute froga objetiborik egiten. Elkarrizketa erabili ohi dute langileak aukeratzeko, baina ez dago froga horren berri ematen duen idatzizko dokumenturik ere. Comptos Ganberak dioenez, zenbait enpresatan langileriaren kontratazioa nola egin den ere ez dago jasota inolako dokumentutan.

Kontratazioa

Txostenak informazio zehatza ematen du enpresa publikoek eginiko obra, laguntza teknikoa eta hornidura kontratuez, kontratuaren xedea, kontratazio sistema eta zenbatekoa zehaztuz (VI. Kapitulua). Comptos Ganberak dioenez, oro har, enpresek publizitatea, konkurrentzia, gardentasuna eta objetibitatea irizpideak betetzen dituzte, batez ere zenbateko handiko kontratuetan. Nolanahi ere, badira irizpide horiek betetzen ez dituzten kontratuak. Zenbait kasutan publizitaterik gabeko adjudikazio zuzenak egin dira, adjudikazio sistema hori zergatik erabili den azaldu gabe; publizitaterik gabeko kontratu-lizitazioak; eta badira Europar legediak diru handiko kontratuetarako agintzen dituen arauak betetzen ez dituztenak.

Agindu-kontratuak

¿Enkomienda¿ edo agindu-kontratuaren bitartez Administrazioak obra, lan, laguntza teknikoa edo zerbitzuak ematen ahal dizkie enpresa publikoei. Bada foru dekretu bat kontratu hori arautzen duena. Comptos Ganberak salatzen duenez, Gobernuko departamentuek ez dute betetzen foru dekretuak agindutakoa, enpresa publikoen esku uzten dituzten lanak, askotan, enpresek ezin baitituzte egin eta, are gehiago, agindu-kontratuek askotan ez baitute zer ikusirik enpresa publikoaren jarduerarekin.

Azterturiko agindu-kontratu gehienetan frogatu da enpresa publikoek lan horiek egiteko ahalmendik ez dutenez beste enpresa baten esku uzten dituztela, dekretuak agindutakoari muzin eginez. Kasu horietako askotan, gainera, enpresek ez dituzte betetzen enpresa publikoek kontratazioak egiterakoan bete beharreko irizpideak: publizitatea, konkurrentzia, gardentasuna eta objetibotasuna.

Agindu-kontratua jaso duten enpresa publikoek lana beste enpresa baten esku utzi izanak gauza bat frogatzen du Comptos Ganberaren aburuz: lan horiek Administrazioak berak zuzenean kontratatzekoak zirela.

Txostenak dioenez, enpresa publikoek administrazioaren eta kontratistaren arteko bitartekari lana egiten dute. Enpresek kudeaketa gastuak kobratzen dituztenez, lana garestitu egiten da. Bestalde, agindu-kontratua baimentzeko modua ere ez da behar bezalakoa eta Gobernuak kontratuak ez justifikatzeaz gain aginduriko lanen prezioa ere ez du kontrolatzen.

Comptos Ganberaren aburuz, agindu-kontratuak arautzeko dekretua onartu behar da, foru lege berriak 2003koa indargabetu baitu. Dekretu berriak agindu-kontratuaren eskakizun eta mugak ongi islatu behar lituzke, hemendik aurrera kontratu mota hori hobeki erabil dadin.

Comptos Ganberak azpimarratzen duenez, Gobernuak enpresen esku uzten dituen lanek enpresaren jarduerarekin zer ikusia izan behar dute, eta enpresak lan horiek egiteko gauza izan behar du.

Gobernutik jasotako transferentziak

Txostenaren VI.4 kapituluak jasotzen du enpresa publikoek Nafarroako Gobernutik jasotako transferentzien berri zehatza. Alde horretatik, aipatzekoa da finantzaturiko gastu batzuk diruz lagundu beharrekoetatik kanpo daudela, eta Gobernuak ez duela kontrolatzen finantzaturiko diruaz eginiko gastua.

Hori guztia kontuan hartuz, Comptos Ganberak Administrazioaren eta enpresa publikoen arteko harremanetan gardentasuna bermatu behar dela azpimarratzen du. Enpresa publikoak beharturik daude jasotako diruaren erabilpenari buruzko informazioa ematera eta Administrazioa, bere aldetik, informazio hori eskatu egin behar die enpresei.

Txostenaren amaieran enpresa publikoei buruzko gomendio orokor batzuk eskaintzen dira. Hasteko, Comptos Ganberak dio enpresa publikoen egoera sakon aztertu behar dela. Alde batetik, enpresa batzuk bitartekari lana besterik ez baitute egiten kontratuak emateko. Eta, bestalde, zenbait enpresatan Gobernuaren transferentziak baitute diru sarrera bakarra. Hori horrela izanik, Comptos Ganberak enpresa publikoen eredu horren eraginkortasunaz gogoeta eskatzen du.

Amaitzeko, Comptos Ganberak Administrazioaren eta enpresa publikoen arteko harremanak arautzeko beharra azpimarratzen du, eta baita enpresen arteko harremanak ere hitzarmen, zerbitzuen kudeaketa eta finantza eragiketei dagokienez.