Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2021/08 Nafarroako Gobernuak Audenasari eginiko ordainketak (Kontuen Ganberak Gobernuak Audenasa enpresari eginiko ordainketei buruzko txostena egin du. Enpresak AP-15 autobidea kudeatzen du eta diru-laguntzak erabiltzaileei egiten zaizkien deskontuengatik egiten dira.
Iruñeak Tuterarekin eta Irurtzunekin lortzen dituen autobidea 70eko hamarkadan egin zen, Diputazioak Audenasari emaniko kontzesioaren bidez. 1984tik enpresa publikoa izan zen, erdia Nafarroaren esku eta beste erdia Estatuarena. 2003an, Estatuak bere zatia talde pribatu bati saldu zion.
1999tik, Nafarroako Gobernuak diru-laguntza ematen dio enpresari ohiko erabiltzaileei deskontuak egiteagatik. Laguntzaren helburua da enpresaren diru-bilketa berdintzea.
Pandemiaren eraginez, iaz trafikoa %22 murriztu zen. Apirilean %70eraino heldu zen jaitsiera. Diru-laguntza emateko formula trafiko kopuru horrekin aplikatuta, negatibo ateratzen zen Gobernuak enpresari martxotik ekainera eman beharreko laguntza.
Egoera ikusita, Gobernuak enpresan duen ordezkariak eta Audenasako profesional batzuek lan talde bat osatu zuten. Trafikoaren bilakaera ikusita, formula bere horretan aplikatzerik ez zegoela hitzartu zuten.
Iazko azaroan, Audenasak formularen interpretazio berriaren araberako faktura aurkeztu zion Gobernuari. Azarokoaz gain, urtarriletik urrira arteko konpentsazioa ere sartu zuen. Gobernuak enpresan duen ordezkariak ontzat hartu eta 6,3 milioiko faktura ordaintzea proposatu zuen.
Nafarroako Gobernuko kontu-hartzaile nagusiak, ordea, horren aurkako erreparoa aurkeztu zuen. Formularen aldaketak Ogasunari kalte eginen ziola esan zuen, eta formula ordura arte bezala aplikatzea defendatu. Horri kasu eginez gero, zenbatekoa 1,2 milioi zen.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariak 1,2 milioi ordaintzeko agindua eman zuen. Audenasak, orduan, gorako helegitea aurkeztu zuen, 6,3 milioiko zenbatekoa eskatuz. Gobernuak Audenasan duen ordezkariak eta departamentuko idazkari teknikoak txosten bana egin zuten, enpresaren eskaerarekin bat eginez.
2020ko amaieran, kontseilariaren foru aginduaren proposamena heldu zen Kontu-hartzailetzara, 6,3 milioiko ordainketa onartzeko. Kontu-hartzaileak ordainketa bertan behera utzi zuen erreparoa egin zuen.
Aurtengo otsailean, Gobernuak Audenasan duen ordezkaria eta Departamentuko idazkari teknikoa kontu-hartzailearen aurka agertu ziren berriro.
Hurrengo egunean, Nafarroako Gobernuak bi erabaki hartu zituen: enpresaren gorako helegitea onartzea eta 6,3 milioiko ordainketa onartzea.
Kontuen Ganberaren konklusioa da Gobernuaren jokabidea legezkoa izan dela. “Gorako helegitea aurkeztu ondoren –dio txostenak- Nafarroako Gobernuak kontratuaren interpretazioa egin zuen Foru Kontratu Legeak 34. Eta 142. Artikuluek xehatutakoaren arabera”. Interpretazioa helegitea onartzen zuten txosten teknikoetan dago oinarriturik. Gobernua ere horretan oinarritu zen helegitea onartzeko”.
Dena den, prozesua hobeki egin zezakeen: formularen interpretazioa faktura aurkeztearekin batera egin behar zen, eta ez faktura aurkeztu ondoren.
Formularen interpretazioak Audenasari ordaindu beharrekoa baldintzatzen du. Iazko ekarpena 31 milioitik 38ra igotzen da. Enpresaren finantza plana betetzen bada, Gobernuak 93 milioi gehiago ordainduko dizkio 2020tik 2029ra.
Formularen interpretazioak %3,2 gutxitzen du enpresaren esplotazio emaitza. Enpresaren helegitea onartu ez balitz, jaitsiera %22,6 litzateke. Aipatzekoa da Audenasak, beti ere, etekinak lortuko lituzkeela 2020-2029 epean. Aurreikuspenen arabera, 482 milioi. Formularen interpretazioarekin, 466 milioi. Eta helegitea onartu ez balitz, 373 milioi.
Txostenak bi gomendio jasotzen ditu: Gobernuaren eta Audenasaren arteko hitzarmena alda dadila, ez ohiko egoeretan deus aldatzeko beharrik ez izateko. Eta, bestetik, antzeko neurriak hartu baino lehen horien eraginari ekonomikoari buruzko azterketa sakonak egin daitezela.