Skip to main content

ASOCEX

2012/06 Nafarroako Kontuen Ganberak ospitaleetako sukalde zerbitzuaz

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideak ospitaletako sukalde zerbitzuaz eginiko azterketei buruzko txostena kaleratu du. Txostenak azaltzen duenez, iazko urrian Osasun kontseilariak azterketa bat aurkeztu zuen sukalde zerbitzuaren ingurukoa. Horren arabera, zerbitzua enpresa bati emanez gero, Osasunbideak urtean 3,3 milioiko aurrezkia lortuko luke. Nafarroa Bai taldeak bultzaturik, Parlamentuak azterketari buruzko txostena eskatu zion Kontuen Ganberari.

Kontuen Ganberako teknikariak lanean ari zirela, Osasunbideko arduradunek urriko azterketa gaurkotzen ari zirela adierazi zieten, eta Kontuen Ganberak datu berriak ere kontuan hartzea erabaki zuen, horrek lana zerbait atzeratu bazuen ere.

Txostenak dioenez, Osasunbideak hiru sukalde ditu Nafarroako Ospitalean, Bideko Ama Birjina Ospitalean eta Ubarmin Klinikan. 204 langile ari dira hiruetan, 72 funtzionario eta gainerakoak kontratatuak. Zerbitzuak 325.000 dieta ematen ditu urtean (eguneko lau otorduek osatzen dute dieta: gosaria, bazkaria, askaria eta afaria). Nafarroako Ospitalean 61 dieta mota ezberdin daude, Bideko Ama Birjina ospitalean 77 eta Ubarminen 27. Hauetaz gain, badira “dieta bereziak” izenekoak, gaixoen %8ri egiten zaizkionak.

Osasunbideak emaniko datuen arabera, sukaldetako gastua 8,6 milioikoa da. Langileriarena gastuen %74 da, jakietan %20 gastatzen da eta gainerakoa mantentze-lanetan, energian eta garbiketan.

Hiru sukaldeetan produkzio sistema tradizionala dute: janaria sukaldetan egin eta ondoren banatu egiten. Beste sistema “kate hotza” izenekoa da. Kasu horretan, janaria prestatu, izoztu eta banatu beharreko egunean berotzen da, janaria eramateko erabiltzen den gurditxoan bertan.

Zerbitzua kudeatzeko moduei dagokienez, ospitaleetako bitartekoak erabiliz egin daiteke, orain arte bezala, edo zerbitzua enpresa bati utziz. Bada sistema mistorik ere, langile batzuk bertakoak eta besteak enpresa batekoak direnean.

Kontuen Ganberak dioenez, aspaldikoa da sukaldeen kudeaketaren aldaketaren inguruko hausnarketa. Gogoratzekoa da Osasunbidearen 1999ko txosten batek hiru sukaldeak batu eta kudeaketa sistema mistoa martxan jartzeko proposatu zuela.

Osasunbidearen aburuz, zerbitzua kanporatzeak 3,3 milioiko aurrezkia lortuko litzateke, eta horren alde agertzen da. Proposamena honakoa da: zerbitzua kanpoko enpresa bati utzi, eta enpresak berak bere gain har dezala sukalde berria eraikitzeko inbertsioa, gaur egun Administrazioak ezin baitio inbertsioari aurre egin. Inbertsioa enpresari ordaindu beharreko prezioa gehituz ordainduko litzateke: dietaren zenbatekoa 2 euro igoz, zortzi urteko epean. Hori dena kontuan hartuz, aurrezkia 2,7 milioikoa litzateke.


Kontuen Ganberaren txostena

Kontuen Ganberak dioenez, kate hotzeko sistemak nabarmen aldatzen du orain arteko egoera, langileria jaisten ahalbidetzen duelako. Arazo batzuk ere sortzen ditu, janaria prestatzeko modu batzuk (plantxa, esaterako) ezin direlako egin. Dietetan dauden aldaketak ere ezin dira berehala egin, eta inbertsioa ere eskatzen du, sukalde bakarra martxan jartzeko.

Kontuen Ganberaren aburuz, Osasunbideak aurrezkia kalkulatzeko erabili duen metodologia ez da egokia. Izan ere, produkzio sistema ezberdinen arteko aldaera egiten da, alegia, oraingoa eta hotzean kanpoko enpresa batek egin lezakeena. Txostenak dioenez, “kate hotza” sisteman oinarritutako azterketa egin beharko litzateke, aldaera guztiak kontuan hartuz: langileria propioarekin egina, sistema mistoa erabiliz eta kanpoko langileriarekin.

Aurrezkiaren kalkuluan akats batzuk daude. Urtarrileko txostenak akats horiek zuzendu eta Iruñeko hiru ospitaleetako dietaren prezioa 30 eurokoa ez, baizik eta 26,80koa zela esan zuen. Osasunbidearen arabera, zerbitzua enpresa bati emanez gero 2,7 milioikoa litzateke urteko aurrezkia. Arazoa da aurrezkiaren zati bat produkzio sistemaren aldaketari dagokiola eta beste bat sukaldeen bat egiteari. Beraz, ez dago jakiterik zerbitzuaren kanporatzeari dagokion aurrezkia zein den.

Kontuen Ganberaren iritziz, langileriaren egoera ere kontuan hartzekoa da. Izan ere, sukalde bakarra eginez gero, lanpostuak galduko dira, eta galera handiagoa izanen da zerbitzua enpresa bati uzte bazaio. Alde horretatik, Osasunbideak ez du zehaztu zertan ariko diren gaur egungo sukaldeetako langile publikoak. Hala ere, txostenari aurkezturiko alegazioek diotenez Osasunbideak badu funtzionarioak birkokatzeko plana bat egina.

Kontuen Ganberak zerbitzua emateko moduen gaineko gogoeta egin dezala eskatu dio Gobernuari, eta arazo sozial eta ekonomikoak ere kontuan har ditzala. Bestalde, zerbitzua enpresa bati eman ondoren hasierako prezioa igo daitekeela ohartarazten du,Tuteran horixe gertatu baita.

Kontuen Ganberak sukaldeetako langileriaren etorkizunaz hausnarketa egin beharra azpimarratzen du. Kudeaketa mistoa aukeratuz gero, posible litzateke langile finkoek lanean segitzea. Sukalde zerbitzua enpresa bati emanez gero, langileriaren zati bat hartzeko beharra ere jar liteke kontratazio-baldintzetan. Eta zerbitzua kanporatzea erabakiko balitz, langileriaren birkokapena aztertu behar da, zerbitzuaren kalitatea bermatu eta gaur egungo dieta guztiak behar bezala emanen direla ziurtatu behar da, egoera zailenetan ere, huelga egunetan, esaterako.