Skip to main content

ASOCEX

2017/07 Nafarroako Odol eta Ehunen Bankua, eta organoen emate eta transplantea (2011-2015)

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganbera Odol eta Ehun Bankuaren kudeaketari buruzko txostena kaleratu du. Txosten berean organoen dohaintza eta transplanteen kudeaketa ere aztertu du. Txostena lau parlamentari-taldek eskatu zuten: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerra.

Oraingoa ez da Kontuen Ganberak gaia eginiko lehen azterketa: 2008an egin zuen lehenbizikoa eta kudeaketa hobetzeko berrogeita hamar gomendiotik gora eman zuen. 2010 eta 2012an argitaraturiko beste bi txostenek gomendioen jarraipena egin zuten. Konklusioa argia zen: aholku guztiak beteta edo betetzeko bidean zeuden.

Txostenak dioenez, Nafarroako Odol eta ehun Bankuak 5 milioiko gastua du, bi diru-sailetan banatuak: langileria eta ohiko gastu eta zerbitzuen erosketa.

Langileriaren dagokionez, 57 lagun ari dira bertan lanean: 33 osasun laguntzaile teknikoa eta laborategiko teknikariak dira. Gainerakoak, berriz, medikuak eta administraritzako langileak dira.

Nafarroan 20.000 bat odol emaile dago eta urtean 25.600 odol-emate egiten dituzte. Ekimena Nafarroako odol emaileen elkartearekin egiten da, elkarlanean. Aipaturiko elkarteak, urtean, 380.000 diru-laguntza jasotzen du.

Hezur-muin emaileak 10.200 dira. Azken urteotan, nabarmen handitu da kopurua. Azken urteotan, ehunen dohaintza bultzatzeko ere ahalegina egin da. 2015ean 29 emaile zeuden eta 169 ehunen ezarpen egin ziren.

Txostenak organoen emate eta transplante kopuruaren bilakaera ere aztertu du. Organoen transplanteak Iruñeko Universidad de Navarra klinikan egiten dira (giltzurrun, gibel eta bihotza), eta Estatuko ospitale publiko batzuetan (birika, pankrea eta haurrei eginiko guztiak). 2015ean Nafarroan 114 organo jaso eta 83 transplante egin ziren, gehienak Iruñeko Clínica Universidad de Navarra: 49 giltzurrun, 24 gibel eta 6 bihotz. Organoen transplanteak 8,7 milioiko gastua ekarri zuen. Horren ehuneko 95 Osasunbidearen eta Clínica Universidad de Navarraren arteko itunak hartu zuen.

Kontuen Ganberaren konklusioa da Odol eta ehun Bankuaren kudeaketa egokia eta gardena dela, eta horixe erakusten dutela aditu batzuek emaniko ziurtagiriek. Bankuko arduradunak organoen emate eta transplante sistema etengabe hobetzen saiatzen dira, dena ahalik eta azkarren egiteko, hori baita arlo honen arrakastaren gakoa. Organoen kudeaketa Transplanteen Elkarte Nazionalak finkaturiko irizpideen arabera egiten da, beti ere organoa hartzaile egokienak hartzen duela bermatzeko.

Txostenak gomendio batzuk ematen ditu, kudeaketa hobetzen segitzeko: organoak ateratzen dabilen langileriaren ordain-sarien sistema batzea; arlo horretan eginiko lanaz memoria bat egitea, biztanleriak horren berri jaso dezan; laborategiko teknikari lanpostuak ateratzea, bete gabe daudenak betetzeko; eta inmunologia laborategiko langileria handitzea, gaur egun kanpoko enpresen esku uzten den lana zuzenean egiteko.