Skip to main content

ASOCEX

2018/22 Nafarroako sektore publikoaren berregituraketa (2010-2016)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Foru Administrazioaren berregituraketari buruzko txostena argitaratu du. Gogoratzekoa da nondik datorren asmo hori: krisi ekonomikoari aurre egiteko asmoz, Estatuak hitzarmen bat bultzatu zuen erkidegoetan bideragarritasuna bermatzeko neurriak har zitzaten. 2010etik 2016ra harturiko neurriak aztertzea da txostenaren helburua. Txostena Estatuko beste kontu auzitegiek ere egina dute, ikuspegi orokorra eskaini ahal izateko.

Txostenak Foru Administrazioaren neurriaz datu batzuk ematen ditu. 2010-2016 epean, bataz beste, 24.184 langile ari ziren Nafarroako sektore publikoan, sozietate eta fundazio publikoetakoak barne. Aipatzekoa da, dena den, Nafarroako sozietate eta fundazio publikoen multzoa txikia dela: 1.000 langile guztira.

Sektore publikoaren berregitura prozesuan erakunde bat desagertu zen: Nafarroako Ikus-entzunezko Kontseilua. Hiru erakunde autonomo ere bertan behera gelditu ziren: Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Estazioa, Administrazio publikoetako Institutua eta Larrialdietarako Nafar Agentzia. Hiru erakunde autonomoen zeregina Gobernuko hiru departamentuk hartu dute.

Sozietate publikoei dagokienez, berregituraketaren lehen pausoa 2009an egin zen, enpresa publikoen taldea sortuz: CEPEN. Hortik aurrera, berregituraketarako bi plan egin ziren, helburu zehatzak finkatuz. Urte hartan, Gobernuak 39 enpresa publiko zituen. Horietako 22 desagertu ziren, enpresen arteko elkartzeen ondorioz. Horrek langileria murriztu egin zuen: 224 lanpostu galdu ziren. Kontuen Ganberak dioenez, sozietate publikoen berregituraketak 32 milioiko aurrezkia ekarri du.

Fundazio publikoetan ere murrizketarik izan zen: zazpi zeuden eta hiru desagertu ziren: Ikus-entzunezko arteen eta zinemaren Nafarroako Institutua, Energia Berriztagarriak bultzatzeko prestakuntza eta Navarra por la excelencia izenekoa. Lehenbizikoren zeregina Kultura Departamentuak hartu zuen eta beste biena eremu pribatura pasa ziren.

Kontuen Ganberaren txostenak aholku batzuk ematen ditu horrelako prozesuak ahalik eta hobekien kudeatzeko. Alde horretatik, ikuspegi orokorraren garrantzia azpimarratzen da. Halaber, berregituraketa prozesuek helburu zehatz eta neurgarriak behar dituztela aipatzen da.