Skip to main content

ASOCEX

2019/14 Nafarroako toki administrazioa (2017)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2019/14 Nafarroako toki administrazioa (2017) (
384
)

Nafarroako Kontuen Ganberak  toki administrazioaren egoerari buruzko txostena kaleratu du. Txostenaren helburua da gure lurraldeko udal eta gainerako toki erakundeen egoera orokorra aztertzea. Datuak 2017koak dira.

Txostenak dioenez, Nafarroan 701 toki erakunde daude: 272 udal, 346 kontzeju, 62 mankomunitate eta 23 elkarte tradizional ditu. Udal eta gainerako toki entitateek beste udal erakunde asko sortu dituzte: 63 erakunde autonomo, 53 sozietate publiko, 9 fundazio publiko eta 17 udal partzuergo.

Nafarroako udalen tamaina oso txikia da. Udalen %69 1.000 biztanletik beherakoak dira. Horren ondorioa da bitarteko eskasak dituztela udal zerbitzuak behar bezala kudatzeko. Efizientzia eta kalitatea eskaintzeko bestelako antolamendua beharko litzateke.

Txostenak gogoratzen duenez, Parlamentuak toki administrazioa modernizatzeko neurriak bultzatu ditu. Horietan nagusiena, aurten onarturiko Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Legea. Horren berritasun nagusiena da udalez gaindiko entitate mota berria sortuko dela: eskualdea. Eskualdeek  mankomunitateen esku dauden eskumen batzuk hartuko dituzte. Eskualdeak heldu den urteko abuztutik aurrera sortuko direla aurreikusi da.

Udalen finantza egoera ona

Jarraian,  udalen 2017ko datu nagusiak. Diru-sarrerak 778 milioi izan ziren; gastuak, berriz, 752 milioi.

Diru-sarrera nagusiak Nafarroako Gobernutik datoz: 308 milioi. Ondoren datoz zuzeneko zergak (186 milioi) eta tasa eta prezio publikoak (160 milioi).

Gastuei dagokienez, langileriarena eta ohiko ondasun eta zerbitzuenak dira nagusiak: 275 eta 265 milioi, hurrenez hurren.

Gastuak %5 handitu ziren, aurreko urtekoekin alderatuz. Diru-sarrerak, berriz, %2.

Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, Toki Administrazioaren finantza egoera ona da. 2017an 64 milioiko aurrezki garbia lortu zuten, eta zorra %18 gutxitu zen. 2017ko amaieran, Nafarroako udal eta gainerako toki entitateek 228 milioiko  zorra zuten. Aipatzekoa da urtean 45 milioiko zorra amortizatu zutela, eta hiru milioi besterik ez zutela hartu.

Txostenak kudeaketa hobetzen segitzeko gomendio batzuk ematen ditu. Bi nabarmen daitezke. Batetik, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako legearekin hasitako prozesuarekin segitu beharra dagoela, aurreikusitako neurriak hartuz. Beti ere, udalen kudeaketa eraginkorragoa izan dadin. Bestetik, Kontuen Ganberak toki administrazioko langileriaren behin-behinekotasun tasa handia jaitsi beharra azpimarratzen du. Horretarako, noski, behin betiko lanpostuak betetzeko deialdiak egitea proposatzen du.