Skip to main content

ASOCEX

2019/01 Nafarroako udal erakundeetako kontu-hartzaileek eginiko erreparoak (2017)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Nafarroako udal erakundeetako kontu-hartzaileek eginiko erreparoak aztertu ditu. Txostenak 348 erakunderi bidalitako galdetegi baten bidez egin da. Datuak 2017koak dira.

Kontuen Ganberak dioenez, Nafarroako udal erakundeen %88an ez da erreparorik aurkeztu. 38 udal eta mankomunitatetan, berriz, 154 erreparo aurkeztu dira, kontu-hartzaileak ez baitzeuden ados azterturiko espedienteekin. Erreparoen zenbatekoa zortzi milioi da. Erreparo gehienak 10.000 biztanletik beherako udaletan egin dira, eta erdiak bost udaletan.

Erreparoen arrazoi nagusiak bi dira: espedienteak ez dituela beharrezkoak diren eskakizun guztiak betetzen, batetik; eta, bestetik, espedienteak aurrera eramateko kreditu askirik ez zela. Erreparo gehienak kontratazio arlokoak dira: ehuneko 82, hain zuzen.

Kasurik gehienetan udal erakundeko ordezkariek erreparoa kontuan ez hartzea erabaki zuten: 154 erreparoren aurkako 121 udal akordio daude. Gainerakoak kontuan hartu ziren.

Txostenak bilduriko aholkuetan bi nabarmen daitezke: kontratazio espedienteetan zorrotz jokatzea, eskakizun guztiak betez; eta Nafarroako udal erakundeen barne kontrola arautzea. Kontuen Ganberak dioenez, Estatuko udalen barne kontrola araututa dago, eta Foru Administrazioarena ere. Nafarroako toki erakundeen barne kontrolerako arautegia falta da, eta horixe eskatzen du txostenak.