Skip to main content

ASOCEX

2000/05 Nafarroako Unibertsitate Publikoa (1998)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/05 Nafarroako Unibertsitate Publikoa (1998) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Unibertsitate Publikoari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostenean honako gai hauek aztertzen dira: gastu eta dirusarreren aurrekontua, ondare egoera, legezkotasuna eta beste txostenetan eginiko gomendioen jarraipena.

Txostenaren hasieran azterketa mugatu duten bi gauza aipatzen dira: barne kontrol sistema desegokia eta 1998ko ekitaldian eginiko kontu sistemaren aldaketa.

Kontuen Ganbarak Unibertsitateak aurkezturiko kontuak aztertu ditu. Aurrekontu kitapenaz eta ondare egoeraz, ordea, ezin izan du iritzirik eman, oinarrizko atal batzuetan dagoen barne kontrol eskasak iritzia ematea eragozten duelako.

Txostenak emaniko datuen arabera, 1998ko ekitaldian Unibertsitateak 6.750 milioiko dirutza jaso zuen. Dirutza horretatik zati nagusia (4.800 milioi) Nafarroako Gobernuak eman zion. Ikasleek ordainduriko matrikulen bidez 1.135 milioi jaso zituen.

Gastuen aurrekontua 7.170 milioikoa izan zen. Langileriaren soldatetan gastatu zen dirutzaren zati handiena: 3.660 milioi. Kontuen Ganbarak eman dituen datuen arabera, Unibertsitate Publikoan 1.017 lagun ari ziren lanean 1998ko abenduan eta urteko bataz besteko langileria 992 langunek osatu zuten.

Legezkotasunaz eginiko azterketan Kontuen Ganbarak arau-hauste batzuk aipatzen ditu, horien artean irakasle eta gainerako langileen soldatei dagozkienak. Gauza jakina denez, irakasle ia guztiek soldata gehigarri bat jasotzen dute hilabeteroko nominan. Gehigarri hori legez araututa dago irakasle batzuen lan akademikoa edo ikerlana saritzeko. Beraz, gehigarria irakasle guztiei ordaintzea legez kontrakoa da.

Halaber, Administrazio eta Zerbitzuetako langileriari pagatzen zaion soldatetan ere ez da legea behar bezala betetzen. Kontuen Ganbarak dioenez, langileria horren soldatak Estatuko legeak arautzen ditu, ez direlako sartu Nafarroako Administrazioetako langileriaren estatutuan. Hala ere, Unibertsitateak beraien soldatak Gobernuko langileriarenekin parekatzeko akordioa onartu zuen.

Kontuen Ganbarak dioenez, soldata sistema bitxia asmatu da, Estatuko arautegia eta Nafarroakoa uztatu nahi direlako. Txostenak hori dena legez arautzeko eskatzen du. Alde horretatik, Kontuen Ganbarak uste du Administrazio eta Zerbitzuetako langileria Nafarroako Administrazioetako langileriaren estatutuan sar litekeela.

Txostenak barne kontrola hobetzeko beharra azpimarratzen du, batez ere diruzaintza arloan, alegia, kutxa eta bankuen bidez egiten diren kobrantza eta ordainketak. Horretaz gain, langileriaren kudeaketa, erosketak, tasengatiko dirusarrerak eta ikerketa proiektuen kudeaketan ere barne kontrola hobetu behar da.

Universidad-Sociedad fundazioaren egoera ere aztertu da. Fundazioa Unibertsitateko Gobernu Batzordeak sortu zuen 1996an Unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremanak bultzatzeko. Kontuen Ganbarak ezin izan du Fundazioaren kontuei buruzko iritzirik eman, barne kontrol egokirik ez dagoelako.

Txostenak azaltzen duenez, fundazioa erakunde pribatua denez zuzenbide pribatua dagokio. Baina erakunde publiko batek sortu, zuzendu eta diru publikoa erabiltzen duenez, erakunde publiko guztiek bete beharreko irizpide batzuk bete behar lituzke: publizitatea, argitasuna, kudeaketa egokia, etabar. Kontuen Ganbarak salatzen duenez, fundazioaren estatutuen artikulu batzuk irizpide horien aurkakoak dira eta, horregatik, estatutuen aldaketa eskatzen du. Fundazioaren azterketan, bestalde, jokamolde desegokiak antzeman ditu. Esate baterako, kongresuetan sorturiko superabita irakasleen artean banatu izan da.

Hau dena zuzentzeko, Kontuen Ganbarak uste du fundazioaren estatutuak indarrean dagoen legedira egokitu behar direla. Fundazioaren aurrekontu, kitapen eta finantza-egoera Unibertsitatearen kontuetan sartu behar dira eta Unibertsitateko Kontu-hartzailetzak haren kontuak kontrolatu behar lituzke.