Skip to main content

ASOCEX

2005/20 Nafarroako Unibertsitate Publikoa (2001-2003)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/20 Nafarroako Unibertsitate Publikoa (2001-2003) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Unibertsitate Publikoari buruzko txostena ezagutarazi du. Txostenak 2001, 2002 eta 2003ko kontuak aztertzen ditu eta baita Las Encinas izeneko eraikinaren obra lanak ere. Aipatzekoa da, eraikinaren gaineko fiskalizazioa Pedro Burillo errektoreak eskatu zuela, Unibertsitateko zerbitzi Juridikoek eginiko txosten batek salaturiko irregulartasunak ezagutu ondoren.

Comptos Ganberak dioenez, 2001, 2002 eta 2003ko kontuek ongi islatzen dituzte aurrekontu kitapena, ondare egoera eta urteko dirusarrerak eta gastuak. Badira, hala ere, salbuespen batzuk, batez ere hiru arlotan: ibilgetua, zordunak eta fundazioak, azken hauen kontuak ez baitira unibertsitatearen kontu orokorrean sartzen.

Legezkotasunari dagokionez, txostenak kontratazio arloan atzemandako irregulartasunak aipatzen ditu. Comptos Ganberak aztertu dituen obretako batzutan proiektuak ez dira behar bezala tramitatu, inbertsioak ez dira behar bezala kontrolatu eta badira, halaber, justifikaziorik gabeko aldaketa aunitz. Txostenak dioenez, irregulartasunak Las Encinas eraikinaren obra lanetan inon baino nabarmenagoak dira.

Unibertsitate Publikoaren finantza egoera ona zen 2003ko amaieran. Izan ere, epe luzerako zorrik ez zuen eta diruzaintzako gerakina 19 milioikoa zen. Finantza egoera aztertzean Dena den, Unibertsitateak Gobernuarekiko menpekotasun handia duela nabarmentzen du txostenak, biltzen duen dirutzaren ehuneko 85 Gobernuaren transferentziak baitira.

Duela bi urte arte ekonomia egoera ona bazen ere, azken bi urteotan aldatu egin da Gobernuaren dirulaguntzak gutxitu egin baitira. 2004ko ekitaldian gobernuak aurreko urtean baino ehuneko 8,3 gutxiago eman zion unibertsitateari eta aurten ere portzentaia ehuneko 1 gutxituko da. Txostenak emaniko datuen arabera, Unibertsitate Publikoak 49,1 milioi euro jaso zituen iaz Nafarroako aurrekontu orokorretatik.

Comptos Ganberaren txostenak positibotzat jotzen du Unibertsitateko kudeatzaileek azken urteotako txostenetan eginiko gomendio batzuk martxan jartzeko egin duten ahalegina, batez ere honako arloetan: aurrekontu arauak, ondasun zerrenda, dirusarrera eta kobrantzen gaineko kontrola eta BEZ. Oraindik bete gabe dauden gomendioetako batzuk aipatzen dira txostenean, hala nola, administrazioko langileriaren organigrama egitea edo diru hartzaileari independentzia handiago ematea, gaur egun gerentziaren menpe baitago.

Finantza egoerari dagikionez, Gobernuaren dirulaguntzeekiko menpekotasun handiegia aipatzen da. Comptos Ganberaren aburuz, unibertsitateak ohiko gastuak murrizteko eta errekurtso propioak sortzeko ahaleginak egin behar lituzke. Alde horretatik, hainbat gai sakon aztertzeko beharra azpimarratzen da: ikerketa proiektuen kenketaren portzentaia, matrikularen prezioa, ikasketen eskaintza, etabar. Azken bi urteotako finantza egoera ikusita, hori dena ongi aztertzeko gomendioa ematen dio Comptos Ganberak unibertsitateari.

Txostenak kontratazio legedia zorrotz betetzeko eskaera ere egiten du, batez ere hiru arlotan: inbertsio-gastuak zenbateraino izanen diren hobeki aztertzea, aldaketak behar bezala justifikatzea eta obraren iraupena hobeki kontrolatzea.

Ikerketa ere beste modu batera antolatu behar dela dio txostenak. Izan ere, Comptos Ganberaren aburuz unibertsitateak ikerketa plan bat onartu behar luke jardueraren helburu nagusiak finkatzeko. Halaber, proiektuen tramitazioa, kudeaketa eta kontrola finkatuko dituen arautegia eskatzen du.

Urteko memoria ere hobetzeko eta osatzeko beharra azpimarratzen da, Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorrak eskatzen duenari erantzuteko. Halaber, unibertsitateak kontrolatzen dituen fundazioen kontuak ere unibertsitatearen kontuetan sartu behar lirateke.

Azkenik, Comptos Ganberak dei bat egiten die nafar administrazioei unibertsitate sistema arau dezaten. Arautu gabeko gaiak honakoak dira, besteak beste: administrazio eta zerbitzuetako langileriaren eta kontrataturiko irakaslegoaren araubide juridikoa eta soldata sistema, kontratazioaren araubidea, urteko kontuak, kalitatearen azterketa eta finantziazio programak.

Ikasle kopurua eta aurrekontuak azken bost urteotan

Comptos Ganberaren txostenak azken bost urteotako aldaketak ere aztertu ditu, bai ikasle zein iralasle kopuruari dagokionez, eta baita aurrekontuen aldaketa ere. Alde horretatik, aipatzekoa da ikasle berrien kopurua ehuneko 27 gutxitu dela 1999tik. Matrikulaturiko ikasleak ere ehuneko 23 gutxitu dira eta lizentziatu berriak ehuneko 19.

Unibertsitatearen aurrekontuak aztertuz gero, gastuak ehuneko 31 handitu dira, dirusarrerak ehuneko 20 eta unibertsitateak berak biltzen duen dirutza gastu guztien ehuneko 15 da. Unibertsitateko langile kopurua ehuneko 15 igo da (Irakasleen igoera ehuneko 12 izan da eta administraziokoena ehuneko 22).

Txostenak etorkizuneko erronka eta asmoak ere aipatzen ditu. Horietako bat, dudarik gabe, goi mailako ikasketen sistema europarrak markatzen du. 2010. urtean martxan jarriko den sistema berriak orain arteko antolaketa sistema aldatzera behartuko ditu unibertsitate guztiak. Orain arteko ikasketak, esate baterako, aldatu egin beharko dira.

Bestalde, Unibertsitate Publikoak datozen urteotarako inbertsio handiak ditu aurreikusita: Tuterako campus berrian 21 milioi euro eta beste 47,7 Iruñekoan. Lehenago aipaturiko irakasleriaren eta aurrekontuen eboluzioa eta unibertsitatearen eredu berria kontuan hartuz, Comptos Ganberak uste du Unibertsitate Publikoaren etorkizuna sakon aztertzeko garaia dela, eta, batez ere, oso zuhur jokatu behar dela inbertsioak burutzerakoan.

Comptos Ganberak eskatzen duen azterketak honako gai hauek kontuan hartu behar ditu: goi mailako ikasketen oraingo eskaintza, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren kalitatea eta irakasle zein ikasleak batetik bestera eramateko aukera.

Ikasketa berriak martxan jartzeko erabakia, hartzekotan, nafar gizartearen benetako eskaerari erantzuteko har daiteke, eta beti ere bestelako aukerak aztertu behar dira Nafarroako zona guztietako eskaerei erantzuteko, hala nola, ikasleendako bidaietarako laguntzak handitzea edo telematika erabiltzea.

Comptos Ganberaren ustetan, aurreikusitako inbertsioen zenbatekoa eta inbertsioek sortuko luketen funtzionamendu gastuak kontuan hartuz, oso zuhur jokatu behar da, horrek eragin handia duelako Nafarroako aurrekontu orokorretan. Gogoratzekoa da, gainera, Nafar Ogasunak defizita duela gaur egun.

Las Encinas eraikinaren obra lanak

Las Encinas izeneko eraikinaren obra lanei dagokienez, adjudikazioa 2001eko urtarrilean sinatu zen. Hitzartutako zenbatekoa 4,17 milioikoa izan zen eta obrak amaitzeko epea 14 hilabetetan finkatu zen.

Txostenak emaniko datuen arabera, unibertsitateak 6,5 milioi euro ordaindu ditu aurtengo otsaila arte. Comptos Ganberak dio irregulartasunez beteta dagoela espedientea, kontratazio prozesua hasi zenetik obrak amaitu ziren arte. Obraren kudeaketa oso txarra izan da, eta horren ondorioz lanak ehuneko 50 garestitu dira hasierako aurrekontuarekin alderatuz. Ondoren onarturiko aldaketak eta prezioen berrikustea kontuan hartuz, garestizea ehuneko 13,5 litzateke. Txostenak dioenez, pleguak eta kontratuaren adjudikazio-ebazpenak ziotenari muzin eginez, bilera pribatuetan obren prezioarekin zer ikusia zuten erabakia hartu ziren, indarrean dagoen legedia kontuan hartu gabe.

Kontratazio legedia bete ez izana larri izanik, are larriagoa da egoera pleguen baldintzak aldatzen zituzten dokumentu pribatuak ez baitziren sartzen berehala administrazio espedientean.

Halaber, proiekturik gabeko aldaketak antzeman dira. Espedienteak ez du horren berririk biltzen eta obra lanak adjudikazioa egin gabe egiten ziren. Obren ziurtagiriek erakusten dute onartu gabeko obrak ere egin zirela, kontratazio legez kanpo eginak.

Hori dena kontuan hartuz, Comptos Gaberak dio kontratazio legea bete egin behar dela, eta unibertsitateak neurriak hartu behar dituela gertaturikoa berriro gerta ez dadin.