Skip to main content

ASOCEX

2020/16 Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontabilitate analitikoaren ezarpena eta gomendioen jarraipena

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kudeaketa arlo zehatz bati buruzko txostena egin du: kontabilitate analitikoa martxan jartzeko prozesua. Horrez gain, 2017ko txostenak bilduriko gomendioen jarraipena ere egin du.

Kontabilitate analitikoa da kostuak kalkulatzeko modua ematen duena. Ikasleek ordaindu beharreko matrikulak horren arabera finkatu behar dira, kostuen portzentaje bat aplikatuz.

2011n, Hezkuntza Ministerioak unibertsitateendako kontabilitate analitikoaren eredua onartu zuen. Eredu hori derrigorrezkoa zen, Estatuko unibertsitate publiko guztiek eman beharreko informazioa homogeneoa eta konparagarria izan zedin.

2011n, NUPko errektoreak kontabilitate analitikoa martxan jartzeko agindua eman zuen. Hurrengo urteetan egin beharreko pausuak finkatu ziren, eta NUPko bitartekoekin egitera erabaki zen. Prozesua ez da oraindik amaitu. Kontua da NUP kontabilitate sistema berria martxan jartzen ari dela, eta prozesu hori besteari dago lotua.

Txostenak NUPren finantzaketa modua aztertu du. Alde horretatik, ontzat hartzen du Gobernuak eta NUPk 2017an urte batzuetarako finantzaketarako onartu zuten akordioa. Ordura arte, urtez urte onartzen zen finantzaketa. Sistema berriak egonkortasuna ematen dio zentroari, finantzaketa kalkulatzeko adierazleak kontuan hartzen ditu eta, beraz, objetibotasuna bermatzen du diru publikoa emateko garaian.

Txostenak azken urteotako finantzaketari buruzko datuak eman ditu. Horren arabera, funts publikoek %85 finantzatzen dute eta ikasleen matrikulek %15. Portzentaje hauek oinarrizko irakaskuntzari dagozkio: gradu, master eta doktorego-kurtsoak.

Kontuen Ganberak ontzat hartzen du 2017ko txostenean emaniko gomendioen betetzean, gehienak kontuan hartu direlako. Hemendik aurrera, kontabilitate analitikoa martxan jartzeko ahalegina eskatzen dio Unibertsitate Publikoari, irakaskuntza eta ikerketaren kostuak ezagutzeko.