Skip to main content

ASOCEX

2010/20 Odol Bankuari buruzko txostena, 2010

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2010/20 Odol Bankuari buruzko txostena, 2010 ()

Nafarroako Comptos Ganberak Odol Bankuari buruzko txostena kaleratu du, duela bi urtekoaren jarraipena. Izan ere, Nafarroa Bai parlamentuko taldeak 2008ko txostenak proposaturiko hobekuntzak zenbateraino bete diren jakin nahi zuen, eta informazio hori jasotzeko txostena eskatu zuen.

Aurreko txostenak zioenez, odol ematearen egoera ona zen, Nafarroako beharrak betetzeaz gain beste lurraldetara ere bidaltzen baitira odol eta gainerako produktuak. Nafarroako Odol Bankuak ISO eta antzeko kalitate agiriak jaso izana ere azpimarratzen zen duela bi urteko txostenean.

Nolanahi ere, arazo batzuk mahaigaineratu ziren, bi bereziki: hainbat urtetarako hemoterapia plana egin gabe zegoela eta, bestalde, lan-giroa eta langileen egoera hobetu behar zirela.

Comptos Ganberak dioenez, aurreko txostenean jasotako 56 gomendioetatik 51 betetzen ari dira, “gehiago edo gutxiago”. Aipatzekoa da Nafarroako Hemoterapia Plana iazko urrian onartu zela, “eta hori funtsezkoa da arlo hau behar bezala kudeatzeko, baina oraindik denbora beharko da martxan jarri arte”.

Lan-giroa ere hobetu egin da, eta langileriaren egoera ere hobea da, batez ere bete gabe zeuden lanpostuak bete direlako. Langileriaren formakuntzan ere pausuak egin dira. Nabarmendu beharreko beste hobekuntzak dira kalitatearen sistema berria, kostuen gaineko programa eta stock-en kudeaketaren hobekuntza ere. Halaber, odol-emaleei zentroari buruzko iritzia eskatu zaie, eta emaitzak “oso onak” izan dira.

Laburbilduz: Odol Bankuko arduradunek barne funtzionamendua eta odol-emaleen jarduera hobetzeko ahaleginak egin dituzte. Badira, oraindik ere, bete beharreko beste gomendio batzuk, langilerian, laborategi eta prozesuetan, txostenak zehazten duen bezala. Azkenik, “zelula eta ehun” arloko jarduera koordinatzeko zerbitzurik ere ez da sortu, eta Adonaren aurrekontua ere ez dago Odol Bankuan, Osasunbidean baizik. Dena den, azken bi erabakiak ez dagozkie Odol Bankuko arduradunei, Osasunbidekoei baizik.