Skip to main content

ASOCEX

2012/07 Osasunbideak ordainduriko ordu gehigarriak (2005-2010)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideak ordainduriko aparteko orduei buruzko txostena kaleratu du

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideak 2005etik 2010era ordaindu zituen ordu gehigarriei buruzko txostena kaleratuk du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, Ezker Batuaren ekimenaren ondorioz.

Txostenak dioenez, ordu gehigarriak Osasunbideak itxaro-zerrendak gutxitzeko hartu zituen neurrietakoa da. Beste neurriak langileriaren kontratazioa eta ospitale pribatuekiko itunak izan ziren.

Kontuen Ganberak gogoratzen duenez, 2008ko legearen ondorioz gaixoei kontsulta edo operazioa epe zehatz baten barruan egitea bermatu zitzaien. Hori dena bertan behera gelditu zen iaz, bihotzeko edo onkologiako kirurgia izan ezik.

Txostenak emaniko datuen arabera, Osasunbidearen gastuak 683 milioikoak ziren 2005ean eta mila milioitik gorakoak 2010ean. Gastuen horietan langileriarenak erdiak dira, eta horren %70 arreta espezializatuari dagokio. Aipaturiko epean, lanpostuen kopurua nabarmen handitu zen: 8.385tik ia 10.000raino.

Kontuen Ganberak dioenez, bost urteotan Osasunbideak 26,4 milioi euro gastatu zituen aparteko orduetan: 20 milioi arreta espezializatuan eta gainerakoa osasun etxetan. Arreta espezializatuari dagokionez, Amako Birjina ospitalean 5,8 milioi gastatu ziren, 4,8 milioi Ubarminen, 3,8 ospitalez kanpoko arretan, 1,8 Tuterako Reina Sofian eta 835.000 euro Lizarrako García de Orcoyen.

Ordu gehigarriak baimendurik daude, eta behar bezala ordaindurik. Ospitale eta osasun-etxeetan justifikaturiko aparteko orduak ordaindu ziren. Ubarmin klinikan, berriz, ordu kopuru finkoa beti.

Oinarrizko arretan, esan bezala, 6,3 milioi gastatu ziren lan-ordu gehigarrietan. Neurria 2008an jarri zen martxan, osasun-etxe eta herrietako urgentziazko zerbitzuetako langileen ordezkapenak egiteko. Gastuaren %65 Iruñean egin zen, %20 Lizarra eta %15 Tuteran.

Kontuen Ganberak dioenez, Osasunbideak ez du ordu gehigarrien emaitza behar bezala aztertu, ez baitu kostuaren gaineko azterketarik egin eta ezta itxaro-zerrendetan izan duen eraginari buruzkoa ere. Horregatik, txostenak itxaro-zerrendak gutxitzeko erabilitako bitartekoen segimendu eta kontrola egiteko beharra azpimarratzen du. Ordain-sariei dagokienez, ospitale guztietan sistema bera erabili behar dela dio, beti ere benetan eginiko aparteko orduak ordainduz.

Kontuen Ganberaren ustez medikuarendako arratsaldeko txandak antolatzea ona litzateke, eta mediku eta erizainen lan-kalitatea saritzeko pizgarriak martxan jartzea.