Skip to main content

ASOCEX

2002/13 Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kudeaketa

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganbarak errentaren gaineko zergari buruzko txostena ezagutarazi du. Jakina denez, zergetan garrantzitsuena da hori, zuzeneko zergen ehuneko 60 biltzen duelako. Errenta kanpainetan bilduriko diruari esker Nafarroako aurrekontuen ehuneko 28 lortzen da.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, urtean 270.000 aitorpen egiten dira. Gehienak (190.000) bankuetan egiten dira, 30.000 Diputazioaren bulegoetan eta gainerako 50.000 eskuz egiten dira. Azken urteotako datuak kontuan hartuz, aitorpen gehienak negatiboak dira eta, beraz, Gobernuak dirua itzuli behar dio zerga ordaintzaileari (190.000 aitorpen). Gainerakoetan (80.000) biztanleak dirua pagatu behar du.

1999ko datuen arabera, zergaren bidez 94.000 milioi pezetako dirutza biltzen da, batez ere lan-erretentzioetan: 80.000. Kapital errententzioek askoz gutxiago ematen dute: 11.600 milio pezeta.

Kontuen Ganbarak dioenez, PFEZ-ren arautegia oso korapilotsua izateaz gain, gehiegi aldatzen da, urtero aldaketak egiten baitira. Biztanlearendako hau kaltegarria izan daiteke erabaki ekonomikoa hartzerakoan epe luezera begiratzen duelako eta arlo fiskalak garrantzi handia izaten duelako horrelakoetan. Beraz, egoera zergaordaintzaleari segurtasun falta ekarri ohi dio.

Bestalde, Kontuen Ganbararen iritziz zergaz arduratzen diren zerbitzuen arteko koordinazio handiagoa behar da eta profesional talde batzuek duten \"moduloen sistema\" ere desegokitzat jotzen du. Izan ere, sistema horren bidez gutxiago biltzeaz gain iruzurra erraztu egiten du.

Azken urteotako errenta kanpainetako emaitzak ikusirik, argi dago pentsioengatiko kenketak asko igo direla eta baita mediku-gastuengatikoak ere. Dena den, azken hauek duela hiru urte kendu egin ziren.

2000ko datuen arabera, aitorpena egin zutenen ehuneko 51k milioi bat pezeta baino gutxiago deklaratu zuen. 7,5 milioi pezetatik gorako aitorpenak ehuneko 1,75 izan ziren baina horien bidez lorturikoa ehuneko 22,6 da.

Nafarroako Gobernuak aitorpen guztien ehuneko 8 aldarazi zuen. Horri esker 852 milioi pezeta gehiago bildu zituen.

Iazko kanpaniaren ondoren Gobernuak 266 zerga ordaintzaileren aitorpenak berrikusi zuen. Horren ondorioz 1.400 milioiko dirutza bildu zuen.

Kontuen Ganbarak zergaren kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Alde batetik, aldaketa gutxiago egiteko beharra azpimarratzen du, biztanleak hartzen dituen epe luzerako erabakietan segurtasun handiago izan dezan. Bestalde, Kontuen Ganbarak zerga kudeatzen duten zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko eskaera egin dio Gobernuari