Skip to main content

ASOCEX

2018/17 Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eginiko laguntza kontratuak (2016)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eginiko kontratuei buruzko txostena argitaratu du. Parlamentuak egin zuen eskaera, PSNk bultzatuta. Aipaturiko taldearen helburua zen Kontuen Ganberak kontratu batzuk aztertu eta kostu eta kalitateaz iritzi ematea, eta esleipena hartzen duten enpresek kontratuen baldintzak betetzen dituzten esatea.

Txostenak dioenez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia (PAGNA) Eskubide Sozialetako Departamentuaren menpeko erakunde autonomoa da. Haren helburua nagusiak dira mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei arrera ematea; familientzako laguntzak sustatzea; eta haurren eta nerabeen sustapen, arreta eta babeserako politikak sustatzea. Lan hori Nafarroako Gobernuaren zentroetan, bitarteko publikoekin edo enpresa bat kontratatuz, edo pribatuetan egin daiteke.

52 milioiko gastua

Oraingo ez da Kontuen Ganberak honetaz egin duen lehen lana. 2013an ere arlo honen kudeaketari buruzko txostena kaleratu zuen. Txostenak zioenez, Nafarroako Gobernuak urtean 46 milioi gastatzen zuen mendekotasun egoera bizi zirenei laguntzeko. Oraingo zenbatekoa handixeagoa da: 2016an 50 milioi eta 2017an 52 milioi.

Gastuaren zati nagusia mendekotasuna dutenen zentroetan gastatzen da (30 milioi); bigarrena adingabeen arretak sortzen du (13 milioi); eta hirugarrena, gaixotasun mentala dutenen arreta (5 bat milioi).

Kontratuak legearen arabera egiten dira

Kontuen Ganberak 2016 eta 2017ko kontratuak aztertu ditu. Konklusioa da legearen araberakoak direla. Dena den, badira iraupena amaituagatik indarrean segitzen duten kontratu batzuk. Kontuen Ganberak dei bat egin dio Gobernuari egoera hori, ahal den neurrian, konpon dadin.

Txostenak egiaztatu duenez, esleipen-zenbatekoa aski da langileriaren gastuak ordaintzeko. Aztertu diren nominek hitzarmen kolektiboek agindutako bete egiten zuten.

Nafarroako Gobernuak esleipena egin aurretik azterketa zehatz eta zorrotza egiten du, baldintzetan eskatu beharrekoa zehazteko. Dena den, aurrekontuak tarte txikia uzten du langileriarenak ez diren gastuetarako. Kontuen Ganberaren ustetan, horrek enpresa txiki eta ertainen konkurrentzia mugatzen ahal du. Alde horretatik, aipatzekoa da mendekotasunari loturiko zerbitzu guztiak enpresa bakar batek egiten dituela. Berriki onarturiko Kontratu Publikoen Foru Legearen helburu nagusienetakoa zen, hain zuzen, enpresa txiki eta ertainei kontratu publikoak hartzeko bidea erraztea.

Kontrola indartu

Txostenak kontratuen kontrol sistema ere aztertu du. Lan hori Eskubide Sozialetako Departamentuaren Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren esku dago. Kontratuen baldintza-orrietan aurreikusten diren eskakizun batzuk ez dira betetzen: ikuskariak zentro eta pisuetara joatea, eskainitako langileria ari dela bermatzeko; edo memoria tekniko eta ekonomikoen azterketa, zerbitzuen kalitatea eta funtzionamenduaz informazio zehatza izateko.

Aipatzekoa da Ikuskapen Atalak hiru ikuskari besterik ez duela eta, beraz, horrek ere nabarmen mugatzen du kontrol lana.

Azkenik, lau urtean behin kalitate planak egiteko beharra ere aipatzen da. Legez hala bada ere, orain arteko plan bakarra 2010-2013koa da. Txostenak, beraz, kalitate plan berria egiteko eskatzen du.

Beste gomendio batzuk ere biltzen dira: kontrola areagotzea, enpresek eskaintzen duten langile-kopurua betetzen dela bermatzeko; Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari baliabide gehiago ematea; eta gizarte zerbitzuen kudeaketarako hitzarmen kolektibo bakarra bultzatzea. Azkenik, Kontuen Ganberak uste du esleipen-aurrekontuez gogoeta egin behar dela, etekinik lortzeko tartea oso eskasa izateak kalitatean eragin dezakeelako.