Skip to main content

ASOCEX

2004/25 Tafallako Udala (2003)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/25 Tafallako Udala (2003) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Tafallako Udalaren fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Tafallak 10.842 biztanle ditu eta bertako Udalak eta haren erakunde autonomoek 155 langile dituzte. Txostenak eskaintzen dituen datu guztiak 2003koak dira.

Txostenak honakoa aztertu du: Udalaren aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna eta finantza egoera. Halaber, Comptos Ganberak aurreko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena egin du.

Txostenak emaniko datuen arabera, Tafallako Udalak iaz 12,2 milioi euro gastatu zituen eta 13,1 bildu. Gastuetan atal nagusia langileriarena da, bertan 4,4 milioi gastatu baitziren. Aipatzekoa da diru sail hori ehuneko 12 gehitu dela aurreko urteko datuekin alderatuz. Igoerak bi arrazoirengatik gertatu da: langileen soldata igoeragatik eta zinegotziendako soldata sistema berriaren ondorioz.

Fiskalizaturiko ekitaldian ohiko ondasun eta zerbitzuetan bi milioi euro gastatu ziren eta inbertsioek 1,9 milioi egiten dute.

Dirusarrerei dagokienez, ohiko transferentziak 3,3 milioikoak dira eta zuzeneko zein zeharkako zergen bidez Udalak 2,4 milioi eskuratu zituen. Horrez gain, Tafallako Udalak beste milioi bat bildu zuen tasa eta udal zerbitzuen prezioen bidez.

Ekitaldia amaituta, Udalak bi milioi euroko superabita lortu zuen. Epe luzerako zorra 2,1 milioitan handitu zen, iazko ekitaldian eskaturiko maileguak eraginda. Eskaturiko diruaren helburua kiroldegi berriaren obrak finantzatzea izan da. Txostenak emaniko datuen arabera, urte amaieran zorra 7,3 milioikoa zen.

Aipatzekoa da Tafallako kiroldegiaren eraikuntza lanetan aurreikusitakoa baino ehuneko 40 gehiago gastatu dela. Txostenak dioenez, Udalak 11,3 milioitan adjudikatu zuen, baina lanak egiten ari zirela onarturiko aldaketek 15,7 milioiraino igoarazi zuen.

Comptos Ganberak kezkagarritzat jotzen du Tafallako Udalaren finantza egoera, batez ere zor maila handiari aurre egiteko beharko dituen baliabideak sortzeko gai izanen ote den ez dagoelako garbi. Gainera, kontuan hartzekoa da zergak legeak aginduriko gehienezko zenbatekoan kobratzen dituela, hiri kontribuzioan izan ezik.

Udalaren memoriak berak jasotzen duenez, azken urteotan epe luzerako zorra nabarmen handitu da. Duela hamar urte Udalaren ohiko dirusarreren ehuneko 38 zen bitartean, gaur egun dirusarrerak baino handiagoa da.

Aurrekontu kitapena aztertuta, txostenak ontzat ematen du, 2003ko ekonomia jarduera ongi islatzen duelako. Egoera balantzeak ere ondare egoera ongi islatzen duela dio.

Legezkotasunari dagokionez, Comptos Ganberak Udalak sinaturiko lan hitzarmena salatzen du. Izan ere, iazko martxoan sinaturiko hitzarmenak lanpostu zehatz batean ari ziren lan kontratupeko langile batzuk goragoko mailara igoarazi zituen, eta beste horrenbeste egin zuen lanpostu ezberdinetako langile batzuekin. Bi txosten tekniko ¿Kontu Hartzailetzarena eta Langileria Sailarena- hitzarmenaren aurkakoak izanagatik, Udalak aurrera egin eta onartu egin zen, alkatetza zuen taldearen kontrako botuarekin. Horren ondorioz, udal funtzionarioek lan kontratupekoen baldintza berberak eskatu dituzte.

Laburbilduz: txostenak Tafallako udalaren ekonomia egoera larria dela azpimarratzen du. Izan ere, epe luzerako zorrari aurre egiteko gai izanen ote den ez dago batere garbi. Horren aurrean, Comptos Ganberak gastuetan zorrotz jokatzea eskatzen du, batez ere langilerian.