Skip to main content

ASOCEX

2007/16 Tafallako Udala (2005)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2007/16 Tafallako Udala (2005) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Tafallako Udalaren 2005eko fiskalizazio txostena ezagutarazi du.

Txostenak honako gai hauek aztertu ditu: Udalaren aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna eta finantza egoera. Halaber, Comptos Ganberak aurreko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena egin du.

Txostenak emaniko datuen arabera, Tafallako Udalak iaz 11 milioi euro gastatu zituen eta 10,4 bildu. Zenbateko horiek Udalaren datuak ez ezik, hiru erakunde autonomoenak ere biltzen ditu: Musika Eskola, Kultura Patronatua eta Kirol Patronatua.

Gastuetan nagusiak langileriarenak dira. Izan ere, 193 udal langileen soldatetan 5,5 milioi gastatu ziren. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan 2,2 milioi gastatu ziren eta inbertsioetan 1,4 milioi.

Dirusarrerei dagokienez, ohiko transferentziak 4,3 milioikoak dira, zuzeneko zergen bidez Udalak 2,6 milioi eskuratu zituen eta tasa eta prezio publikoen bitartez 1,2 milioi.

Ekitaldia amaituta, Udalak 268.000 euroko superabita izan zuen. Epe luzerako zorra 8,5 milioikoa zen, baina zenbateko honi Ciudad Deportivak duen 1,8 milioiko zorra gehitu behar zaio. Beraz, 10,3 milioikoa da epe luzerako zorra.

Comptos Ganberak dioenez, finantza gastuak ez dira datozen urteotan gutxituko. Zergak legeak finkaturiko gehienezko zenbatekotan kobratzen direnez, ez dago batere garbi Udala pilaturiko zorraren gastuei aurre egiteko gai izanen ote den.

Aurrekontu kitapena aztertuta, txostenak ontzat ematen du, 2005eko ekonomia jarduera ongi islatzen duelako. Egoera balantzeak ere ondare egoera ongi islatzen du, baina badira salbuespen batzuk, ondasun zerrendari eta funtzionarioen pentsioei dagozkienak.

Laburbilduz: txostenak Tafallako udalaren ekonomia egoera larria dela azpimarratzen du. Izan ere, epe luzerako zorrari aurre egiteko gai izanen ote den ez dago batere garbi. Horren aurrean, Comptos Ganberak gastuetan zorrotz jokatzea eskatzen du, batez ere langilerian, gastu horiek nabarmen handitu direlako azken urteotan.