Skip to main content

ASOCEX

2000/04 Tuterako Udala (1998)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/04 Tuterako Udala (1998) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Tuterako Udalari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostenean 1998ko aurrekontuaz gain, Udalaren antolaketa, kontabilitate sistema eta barne kontrola aztertu dira. Erriberako udal nagusiak gaur egun 27.188 bizilagun ditu.

Txostenak emaniko datuen arabera, 1998an Tuterako Udalak eta haren erakunde autonomoek 3.696 milioi gastatu eta 3.850 milioi bildu zituzten.

Kontuen Ganbarak dioenez, aurrekontuaren kitapen egoerak ongi islatzen ditu urteko dirusarrera eta gastuak eta baita kobratzeke dagoen dirutza, ordaindu beharrekoa eta diruzaintzako gerakina. Azken honi dagokionez, 1998ko amaieran 55 milioikoa zen. Hala ere, dirutza hori Ur Partzuergoak lorturiko emaitzei esker lortu zen, Udalak 171 milioiko gerakin negatiboa izan zuelako.

Ondare egoerari dagokionez, egoera balantzeak hura ongi islatzen du, baina badira salbuespen batzuk: ondasun zerrenda gaurkotu gabe dago, zordunen kudeaketa ere hobetu behar da eta pentsioen gaur egungo sistemak sorturiko betebeharrak ez dira kontuan hartzen.

Txostenaren beste atal batean Kontuen Ganbarak legezkotasuna aztertu du. Horren azterketaren ondorio nagusia hauxe da: Tuterako Udalak, oro har, indarrean dagoen legedia bete egiten du bere iharduera ekonomiko-finantzieroan. Txostenak aipatzen dituen salbuespenak inbertsioetan bete beharreko epeei dagozkie.

Tuterako Udalari buruzko azken txostenean eginiko gomendioen jarraipena ere egin du Kontuen Ganbarak. Alde horretatik, txostenak 1996koan eginiko gomendio nagusiak bete egin direla azpimarratzen du. Diru bilketa eta diruzaintzaren kudeaketarako sistema informatikoa eta udalaren egoera ekonomikoa hobetzeko onarturiko bidegarritasun plana aipatzen ditu horien artean.

Txostenak aipatzen dituen beste gaitan azpimarratzekoa da Udalaren egoera ekonomikoa nabarmen hobetu dela azken urteotan, bai aurrezki garbian nola zor mailan. Dena den, epe luzerako zorra 243 milioitan handitu da eta gaur egun 2.821 milioikoa da. Hori aurreko ekitaldietan hitzarturiko maileguen ondorioa izan da.

Bestalde, Tuterako Udalak urte amaierako aurrekontu gerakin negatiboarekin segitzen du. 1998koa 171 milioikoa izan zen, baina horretan ere egoera hobetu da 1996koa 569 milioikoa izan zelako.

Kontuen Ganbarare aburuz, azken hiru urteotako hobekuntza bidegarritasun planari esker lortu da.

Laburbilduz: Tuterako Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua ikuspegi administratibotik baina aurrekontu eredua aldatu behar luke helburu eta berauek neurtzeko sistema martxan jarriz. Horri esker, kudeaketaren eraginkortasuna ere neurtzeko aukera izanen luke. Halaber, Diru-Kontuhartzailetza indartzeko eta erakunde autonomoetara hedatzeko beharra azpimarratzen da.

Egoera ekonomikoari dagokionez, Kontuen Ganbarak bidegarritasun planak aurreikusitako dirusarrera eta gastuen arteko orekari eustea beharrezkotzat jotzen du.