Skip to main content

ASOCEX

2009/20 Uharteko Udala (2007)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2009/20 Uharteko Udala (2007) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Uharteko Udalaren 2007ko fiskalizazio txostena plazaratu du.

Uharteko Udalak bi erakunde autonomo ditu: Kirol eta Musika Patronatuak; Aracea Udal Hirigintza enpresa; Araceak, bere aldetik, beste bi enpresaren %51 kontrolatzen du: Urarte, hirigintza garapenerako eta Mokarte, lurpeko aparkalekuen kudeaketarako sortua. Beste bi udal fundazio daude: Arte Garaikidearen Zentroa eta Buldain Fundazioa. Bestalde, Euskal Jai Fundazioaren %17 ere Udalaren esku dago. Azkenik, Uharteko Udalak “Foro Europeo de Formación Empresarial” fundazioaren %2 dauka.

Uharteko Udalaren finantza egoera argi ikusteko udal enpresa eta fundazioen kontuak ere Udalaren kontuetan sartu beharra zegoen, baina ez da horrelakorik egin. Hori da Udalaren kontu orokorra ikusita, Comptos Ganberak azpimarratzen duen gomendioa.

Legezkotasunari dagokionez, arazoak daude langilerian eta hirigintzan. Txostenak dioenez, udal langileen zerrendan bi kontu-hartzaile daude, maila eta soldata ezberdina dituztenak. Bestalde, behin behineko kontratudunei ere aintzintasuna eta gradua ordaintzen zaizkie. Obra eta zerbitzu kontratutan irregulartasunak antzeman dira. Udal hirigintza plana bera ere ez da legediak agindutakora egokitu, eta badira legez kanpoko hirigintza hitzarmenak ere.

Gauza jakina da Uharteko Udalerrian hirigintzak garrantzi handia izan duela azken urteotan, etxe berri asko egiteaz gain bestelako priektuak ere bultzatu direlako: ia 2.000 etxebizitza, Itaroa, Arte Garaikidearen Zentroa, Izotz pistak… Udalak enpresa eta fundazio sare zabala sortu du hori dena kudeatzeko.

Comptos Ganberaren ustetan, hirigintza hitzarmen eta kontratu horiek bultzatzean helburu onuragarriak lortu nahi baziren ere, ez dirudi herritarren beharrei erantzuteko egin direnik. Askotan proiektuak ez daude
behar bezala justifikaturik, ez dago behar bezalako azterketarik eta erabilitako prozedurak ere legez kanpokoak izan dira behin baino gehiagotan.

Bestalde, udalak sortu dituen enpresek ez dute baliabide propiorik. Kontratu eta obren %100 beste enpresa batzuen esku utzi dituzte, eta udal enpresek bitartekari lana besterik ez dute egin. Comptos Ganberak dioenez, kudeaketa sistema hau desegokia da, prozesua konplexuagoa izateaz gain gardentasunaren aurkakoa delako.

Finantza egoerari dagokionez, Udalak ez du mailegurik eskatu, ez du epe luzerako zorrik eta diruzaintzako gerakina 2,4 milioikoa da.

Dena den, Uharteko Udalaren finantza egoera aztertzean udal enpresa eta fundazioen egoera ere kontuan hartu behar da. Alde horretatik, aipatzekoa da Areaceak 639.000 euroko defizita izan zuela 2007ko ekitaldian. Enpresak inbertsio handiak eginak ditu lur-sail eta etxebizitzetan, eta konpromisoak hartu ditu izotz-pista, Arte Garaikidearen Zentroa eta merkatal guneak kudeatzeko. Txostenak dioenez, hirigintzaren gaur egungo krisiak eragina izan dezake udalaren eta haren enpresa eta fundazioen finantza egoeran.

Azkenik, Comptos Ganberak uste du Uharteko Udalak udal egitura berrantolatu behar duela, gardentasuna eta barne kontrola areagotzeko.