Skip to main content

ASOCEX

2017/09 Ultzamako biometanizazio planta

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2017/09 Ultzamako biometanizazio planta ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Ultzamako biometanizazio plantari buruzko txostena kaleratu du. Inbertsioa bertako Udalak bultzatu zuen 2007an Iraizozko Elordi industrialdean, abeltzainen hondakinen kudeaketa errazteko. Hiru milioitik gorako inbertsio publikoa egin ondoren, azpiegitura abandonaturik dago.

Txostenak gogoratzen duenez, duela hamar urte Ultzamako Udala azpiegitura bultzatzen hasi zen. Handik urte betera, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak lortu zituen, bi bidetatik: industria inbertsioetarako eta abeltzainen ustiategien hobekuntzarako. Guztira, 2,5 milioi. Nafinco sozietate publikoak (gaur egungo Sodena) 900.000 euroko abala eman zion.

2008ko urrian, Udalak planta egiteko eta kudeatzeko kontratua Levenger, SL enpresari eman zion. Handik bi hilabetera, abeltzainen kooperatiba batek, esleipena jasoa zuen enpresak, zonako beste zenbait enpresak eta partikular batzuek Bioenergia Ultzama enpresa sortu zuten. Esleipendunak eta Bioenergia Ultzama enpresak esleipena azken enpresa horren esku uzteko eskatu zioten Udalari. 2009ko otsailean sinatu zen kontratua.

2014ko apirilean, Bioenergía Ultzama-k hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen. Udalak kontratua bahitzea erabaki zuen, zerbitzua bermatzeko. 2016ko urtarrilean amaitu zen plantaren jarduera.

Txostenak dioenez, azpiegituran 4,5 milioiko inbertsioa egin da, eta horren zati nagusia funts publikoetatik atera da.

Kontuen Ganberak udalaren jokamoldea gaitzesten du, legez kanpokoa izan delakoa. Horren adibide argienetakoa da obren aurreproiektua, proiektua eta zuzendaritza hori guztia egin ondoren kontratatu zirela. Ondoren eginiko kontratuek legez kontrako jarduera bati babes juridikoa ematea zuten helburu, Udalak ez baitzituen errespetatu kontratazio publikoaren irizpide nagusiak: publizitatea, gardentasuna eta diskriminaziorik eza.

Kontratua beste enpresa baten esku uzteko prozesuan ere ez zen legea bete, eta beste horrenbeste gertatu zen enpresak eginiko azpikontratuekin.

Kontuen Ganberak, bestalde, enpresak eginiko ordainketa bikoitzak atzeman ditu. Milioi bat euroko faktura da, bi hornitzaileri ordainduak kontzeptu beragatik: digestatoaren gordetegia.

Bestalde, kontratazio-mahaiko bi kide proiektua egina zuen ingeniaritza enpresako ordezkariak ziren. Enpresak esleipendunak eginiko eskema batzuk sartu zituen proiektuan eta, gainera, Bioenergia Ultzama sozietatearen kapitalean eta enpresako organoetan parte hartu zuen.

Nafarroako Gobernuak eginikoaz iritzi bikoitza dago. Batetik, abalak eta baimenak ematean, eta ingurumen arloko kontrola egitean ongi aritu zen. Diru-laguntzei dagokienez, inbertsioaren zati batek laguntza bikoitza jaso zuen: Industria Departamentutik eta Landa Garapena eta Ingurumen Departamentutik.

Enpresaren gastuak, orokorrean, aurreikusitakoak baino handiagoak izan ziren, bai ustiapen gastuak nola finantzarioak. Diru-sarrerak, berriz, uste baino handiagoak izan ziren. Elektrizitatearen ekoizpena eskasa izan zen, eta lurrunaren salmentarekin beste horrenbeste gertatu zen. Abeltzainei kobraturiko prezioak minden eta digestatoaren garraioaren kostua ere ez zuen berdintzen.

Laburbilduz: funts publikoetatik ateratako hiru milioi baino gehiago gastatu ondoren, Ultzamako azpiegiturak hiru urte eta zazpi hilabete iraun zuen enpresaren esku, eta beste 14 hilabete Udalaren menpe. Gaur egun, plñanta abandonaturik dago eta enpresa hartzekodunen lehiaketa eskatua du. Ultzama eta inguruko bailaretako 24 abeltzainek (3.659 behi) lehenagoko arazo bera dute: hondakinak kudeatzeko modurik eza.

Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, onura publiko eta interes orokorreko proiektuetan, hasteko, legea bete egin behar da. Horrez gain, behar bezala pentsatu, burutu eta kudeatu behar dira. Horrek proiektu eta bideragarritasun plan zehatz eta sakonak eskatzen ditu, batetik; eta, bestetik, emaniko kontratuen eta obren kontrol eta jarraipen egokia administrazio publikoen aldetik.