Skip to main content

ASOCEX

2014/11 Zaraitzuko Ibarra (2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/11 Zaraitzuko Ibarra (2012) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Zaraitzuko Ibarraren kontuak aztertu ditu. UPN talde parlamentarioak eskaturiko txostenak honakoa aztertu du: 2012ko kontuak, legezkotasuna eta Zaraitzuko Ibarraren finantza egoera.

Zaraitzuko Ibarra nafar pirineoan dago kokaturik. Bederatzi herrik eta bost kontzejuk osatzen dute. Izaera tradizionaleko udalerria Ezkarotzen egoitza duen Ibarreko Batzordeak kudeatzen du. Aipaturiko batzordeak bi helburu nagusi ditu: ibarreko ondasuna kudeatzea eta bertako ekonomia bultzatzea. Zaraitzuko Ibarra Bardeako Komunitateko kidea da.

Zaraitzuko Ibarrak erakunde autonomo bat du – Zaraitzuko Musika Eskola- eta Irati Basoa enpresa publikoa. Azken honek Iratiko oihaneko informazio guneko taberna-jatetxea kudeatzen du.

Zaraitzuko Batzordeak bi milioi euro gastatu zituen 2012an. Zenbatekoari Musika Eskolaren eta Irati Basoa enpresaren gastuak gehitu behar zaizkio, 200.000 euro guztira. Zaraitzuko Ibarraren diru-sarrerak gastuen antzekoak izan ziren.

Zaraitzuko Batzordeak 13 langile ditu, eta beste hamar Musika Eskolan eta enpresa publikoan ari dira.

Kontuen Ganberak dioenez, Zaraitzuko Ibarraren kontu orokorrak kontabilizazio-akats anitz ditu eta, beraz, ez da ondare egoeraren eta aurrekontuaren kitapenaren isla. Urteko emaitza ekonomikoa ere ezin izan ongi jasota dagoenik.

Legezkotasunari dagokionez, bi salbuespen aipatzen dira. Batetik, Musika Eskola eta enpresa publikoaren gaineko kontrolik eza; eta, bestetik, enpresari bat Batzordearen industria-nabe bat erabiltzen ari dela deus ordaindu gabe. Dena den, azken hau konpondu egin da, alokairu-kontratua egin berri delako.

Zaraitzuko Ibarraren finantza egoera behar bezala aztertzerik ez dago, esan bezala kontuak ez baitira fidagarriak. Dena den, argi dago Zaraitzuko Ibarreko Batzordea ohiko diru-sarrerak sortzeko gai dela, eta diruzaintzan dirurik baduela etorkizuneko gastuei aurre egiteko. Beraz, finantza egoera ona dela esan daiteke.

Azkenik, Kontuen Ganberak kontabilitatea hobetzeko beharra azpimarratzen du, kontuak finantza egoeraren isla izan daitezen.