Skip to main content

ASOCEX

1999/02 Zizur Nagusiko Udala (1997)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/02 Zizur Nagusiko Udala (1997) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Zizur Nagusiko Udalari buruzko txostena argitaratu du. Txostenean 1997ko aurrekontu betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta Udalaren egoera ekonomikoa aztertzen dira.

Aurrekontu betetzeari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio Zizur Nagusiak 1997an 633 milioiko gastuak eta 779 milioiko dirusarrerak izan zituela. Gastuetan, langileria, ondasun eta ohiko transferentziak dira garrantzitsuenak: ehuneko 67. Inbertsioak ehuneko 21 dira eta zama finantzieroari aurre egiteko ehuneko 12 erabili zen. Dirusarreretan, ehuneko 42 zergen bidez lortzen da eta horretan garrantzi handiena eraikuntzen gaineko zergak du.

Kontuen Ganbarak argitaraturiko txostenaren arabera, aurrekontu kitapenak ongi islatzen du urtean zehar eginiko eragiketak. Hala ere, Kontu Hartzailetzaren barne kontrola exkaxa da eta eragiketa batzuen egozpena ere ez da egokia.

Ondare egoerari dagokionez, Kontuen Ganbarak ezin izan du iritzirik eman udal ondasun zerrenda ez dagoelako gaurkotua.

Legezkotasunare gaineko azterketa oro har ona izanagatik, Kontuen Ganbarak dio kontratazio arloan irregulartasun asko daudela. Kontuen Ganbarak gai hori aztertzeko kontratu batzuk aukeratu zituen eta horiek aztertu ondoren arlo horretan egoera hobetzeko premia azpimarratzen du.

Zizur Nagusiko Udalaren egoera ekonomikoa ere aztertu du Kontuen Ganbarak. Gai horretan egoera oso ona da Udalak diruzaintzan 349 milioi izateaz gain, epe luzerako zorra milioi batekoa baizik ez delako. Diruzaintzako gerakinari esker, arazorik gabe egin diezaioke aurre aipatu zorrari eta, gainera, dirutza hori finanziazio iturri egokiena da burutu beharreko inbertsioetarako.

Laburbilduz, txostenak gogoratzen du Zizur Nagusian aldaketa handiak izan direla azken urteetan. Alde batetik, kontzeju izatetik Udal izatera pasa zen eta, gainera, azken zazpi urteetan populazioa bikoiztu egin da. Gaur egun Zizur Nagusiak 10.000 biztanle ditu eta 1.000 milioitik gorako aurrekontua.

Aldaketa hori dela eta, Udalak ahaleginak egin ditu biztanleriak eskaturiko zerbitzuak eskaini ahal izateko eta helburua lortu du kalitate handiko zerbitzuak eskainiz. Baina Udaletxean berean egin beharrreko aldaketak (langilerian zein bitarteko teknikoetan) ez dira egin eta horrek administrazio kudeaketa zaildu egin du.

Kontuen Ganbarak Udal barneko antolaketa hobetzeko aholku batzuk ematen ditu eta horien artean arlo ekonomikoaren azpiegitura goitik behera aldatzekoa da garrantzitsuenetakoa. Horretarako, kontu hartzailearen lanpostua bete beharko litzateke eta hari barne kontrolaren ardura nagusia eta arlo ekonomiko osoarena eman beharko litzaiokeela dio txostenak.

Bestalde, Zizur Nagusiko Udalak kontratazio araudia bete beharko luke, batez ere kontratazio espedientetan, proiektuen adjudikazioan eta obren jarraipenean. Hirigintzaren kudeaketa ere hobetu behar da, espedienteak hobeki kontrolatuz, behar bezala artxibatuz eta jarraipen egokia eginez.

Azkenik, txostenak Udal patronatoen egoera aztertu du: Musika Eskola, Kultur Patronatoa eta Kirol Patronatoa. Kontuen Ganbarak dioenez, erakunde hauek ere erakunde publikoak direnez, erakunde publikoei dagozkien araudiak errespetatu behar dituzte, batez ere kontratazioan, kontabilidadean eta langileriaren kudeaketan. Azken gai honi dagokionez, Musika Eskolan irregulartasunak atzeman dira