Skip to main content

ASOCEX

2002/10 Zizur Nagusiko Udala (2000)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2002/10 Zizur Nagusiko Udala (2000) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Zizur Nagusiko Udalaren fiskalizazio txostena kaleratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza egoera. Datu guztiak 2000koak dira.

Zizur Nagusiko Udalak 10.686 biztanle ditu. Udalak hiru erakunde autonomo ditu: Musika Eskola, Kirol Patronatua eta Kultura Patronatua.

Txostenak emaniko datuen arabera, Udalak eta haren erakunde autonomoek 1.044 milioiko dirutza gastatu zuten. Dirusarrerak, berriz, 910 milioikoak izan ziren. Urte amaieran Udalaren defizita 145 milioikoa izan zen. Dena den, Udalaren finantza egoera ona zen, bi arrazoirengatik: alde batetik, epe luzerako zorrik ez duelako; eta, bestetik, urte amaieran ia 200 milio pezeta zuelako diruzaintzan.

Txostenak dioenez, Zizur Nagusiko biztanleek, bataz beste, 204 euro ordaintzen dute udal zergen bitartez. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak dira Udalaren diru-sarrera nagusia: %57.

Kontuen Ganbarak Zizur Nagusiko datuak eta biztanleria berdintsua dutenenak aztertu ditu. Azterketaren konklusio nabarmenetakoa hauxe da: Zizur Nagusiko Udalak besteek baino %21 gutxiago biltzen du zergen bidez. Bestalde, Udalaren finantza-egoera bataz bestekoa baino hobea da, epe luzerako zorrik ez duelako. Dena den, aipatzekoa da azken urteotan ohiko gastuak dirusarrerak baino gehiago hazi direla, eta Kontuen Ganbarak bien arteko oreka bilatu behar dela uste du.

Txostenaren arabera, aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu urteko diru-eragiketak baina kontuetan akats batzuk daude, patronatuen gastu eta dirusarrerak Udalari egotzi zaizkiolako. Bestalde, Udalak ez du ondare kontabilitatea erabiltzen eta, beraz, egoera-balantzea ez da behar bezala egiten eta ez dator bat aurrekontu-kontabilitatearekin. Azkenik, ondasun egoera ere ez dago gaurkoturik. Horregatik, Kontuen Ganbarak ez du balantzeari buruzko iritzirik ematen.

Legezkotasunaren gaineko azterketan, Kontuen Ganbarak dio Udalak indarrean dagoen legedia bete egiten duela. Dena den, kontu-hartzailetzan hutsune garrantzitsua dago, Udalak ez baitu kontu-hartzailerik. Antza denez, lanpostua aurten beteko da.

Txostenak patronatuen egoera ere aztertu du. Alde horretatik, beren kontrol prozedurak eta aurrekontu kudeaketa hobetzeko beharra azpimarratzen du.

Azkenik, Kontuen Ganbarak Zizur Nagusiko Udalaren kudeaketa hobetuko luketen gomendioak biltzen ditu. Horien artean bi azpimarra daitezke: kontu-hartzaile lanpostua ahalik eta azkarren betetzea eta Udalaren kontabilitatea egokitzea.