Skip to main content

ASOCEX

2008/12 06ko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2008/12 06ko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Comptos Ganberak 2006ko kontu orokorrei buruzko txostena plazaratu du. Bertan Foru Administrazioaren ekonomia egoeraren ikuspegi orokorra eskaintzen du.

Txostenak datu ekonomikoei buruzko iritzia eta Foru Ogasunaren finantza egoeraz gain, beste zenbait gai aztertzen ditu: hitzarmen ekonomikoa, enpresa publikoen egoera eta gastu fiskalak. Halaber, hutsik dauden lanpostuak betetzeko prozesuari buruzko azterketa ere eskaintzen du.

Txostenak emaniko datuen arabera, 2006ko ekitaldian Gobernuak 3.700 milioi euro gastatu eta 3.811 bildu zituen. Beraz, urte amaierako superabita 111 milioikoa izan zen. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %12 handitu ziren eta dirusarrerak, berriz, %13.

Gastuen izaera ekonomikoa kontuan hartuz, %55 transferentziak dira, %25 langilerian gastatzen da, %9 ohiko ondasunetan eta inbertsioek %5 egin zuten. Dirusarrerei dagokienez, gastuen erdiak zuzeneko zergen bidez lortu ziren eta %44 zeharkakoei esker.

Gastuen helburua kontuan hartuz, sailkapena hauxe litzateke: Osasuna %21, hitzarmen ekonomikoa %16, hezkuntza %14, gizarte babesa %7 eta azpiegiturak %5. Beraz, osasuna, hezkuntza eta hitzarmen ekonomikoaren gastuen erdiak baino gehiago dira.

Foru Administrazioaren epe luzerako zorra 1.114 milioikoa zen 2006ko amaieran. Horietako 328 enpresa publikoei dagokie. Maniobra-fondoak gora egin du azken hilabeteotan, 421 milioi euroraino helduz.

Kontu orokorrak azterturik, Comptos Ganberak dio ongi islatzen dituztela Gobernuaren ekonomia jarduera eta haren erakunde autonomoena. Egoera balantzeak ere ongi islatzen du Foro Ogasunaren egoera, baina badira salbuespen batzuk ibilgetuan, dirusarreretan, zordunetan eta kontingentzietan.

Txostenak akats horiek zuzentzeko eskatzeaz gain, oraingo aurrekontu sistemaren inguruko gogoeta eskatzen dio Gobernuari, diru publikoaren eraginkortasuna lortzeko egokia ez delakoan.

Txostenak enpresa publikoen gaineko azterketa ere badakar. 32 dira eta orain dela bi urte 332 milioiko dirusarrerak izan zituzten. Emaitza orokorra 8 milioiko superabita izan zen.

Diru gehien irabazi zuena Nasuinsa da: 14 milioi. Galera handienak izan zituena, berriz, Nafinco: 6 milioi. Aurreko urteetan bezala, Tracasa da langile gehien duena: 240.

SPRIN enpresa publikoaren kapital-gehikuntza ere aipatzen da. Gobernuak 270 milioitan handitu zuen kapitala. Horren ondorioz, Herri Lan departamentuak egin beharreko obra lan batzuk aipaturiko enpresa finantzatzen hasi zen, aurretik Gobernuak emaniko diruaz baliatuz. Comptos Ganberaren ustetan, egia da Gobernuak horrelakoak egin ditzakeela, baina salbuespenezkoa behar du. Txostenak dioenez, administrazio publikoen jarduera aurrekontuen bitartez egin behar da.

Comptos Ganberak dioenez, enpresa publikoen artean badira helburu oso antzekoak dituztenak eta, batzutan, helburu berberak. Beraz, enpresen multzoa aztertu eta berriro antolatzeko beharra azpimarratzen du.

Gastu fiskalak ere aipazen dira. Jakina denez, errenta edo jarduera batzuen aldeko neurriak dira. Etxebizitza, lana, inbersioa eta alargunen pentsioak dira gastu fiskalak biltzen dituztenak. Zuzeneko laguntzak 125 milioi egin zuten 2006ko ekitaldian. Horren ondorioz Haziendak bildu ez duen dirutza zuzeneko laguntza baino handiagoa da: 280 milioi euro.

Txostenak Administrazioko lanpostuak betetzeko sistemari buruzko azterketa ere badakar. Horren ondorio nagusiak honakoak dira: deialdia argitaratzen den egunetik izendapenaren proposamena argitaratu arteko bataz besteko epea 608 egunekoa da. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan 629 behar izan zituzten, bataz beste, hutsik zeuden lanpostuak betetzeko. Osasunbidean, berriz, epea laburragoa izan zen: 594 egun. Gehien luzatu zena psikologo bat hartzeko deialdia izan zen: bost urte baino gehiago.

Txostenak kudeaketa gardenago eta eraginkorragoa lortzeko gomendio batzuk eskaintzen dizkio Foru Administrazioari. Kontuen kudeaketa, kontu-hartzailetza, langileria, inbertsioa, dirusarrerak eta enpresa publikoetan badira hobetu beharreko zenbait kontu. Eta azkenik, gizarte erantzukizuna bultzatzeko eskatzen dio Gobernuari, bai arautegiak egiterakoan eta baita bezero gisa ere, jokaera eredugarria erakutsiz.