Skip to main content

ASOCEX

2012/38 11ko Nafarroako Kontu Orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2012/38 11ko Nafarroako Kontu Orokorrak ()

Nafarroako Kontuen Ganberak 2011ko kontu orokorrei buruzko txostena plazaratu du. Bertan, ohi denez, nafar ogasunaren egoera aztertzen da. Txostenak Gobernuaren kontuak ez ezik, elkarte eta fundazio publikoenak, eta Parlamentuaren eta haren menpeko erakundeenak ere biltzen ditu.

Txostenak 2011ko aurrekontu betetzea, legezkotasuna eta Nafar Ogasunaren finantza-egoera aztertu ditu. Txostenak aurrekontu oreka lortzeko iragarritako aurreikuspenak zenbateraino bete diren ere aztertu du. Iazko kontuetan eragin handia izan zuen Gobernuak defizita gutxitzeko onartu zuen legeak, horrek gastuak murriztu egin baitzituen.

Txostenak emaniko datuen arabera, Foru Administrazioak iaz 3.969 milioi gastatu zituen, eta 4.039 bildu. Gastuen %48 transferentziak dira, %29 langileriaren dagokio, %13 ohiko ondasun eta zerbitzuak, %5 inbertsioak eta %4 finantza zama. Diru-sarrerei dagokienez, zergen bidezkoak %85 dira, eta %12 zorraren bitartez bildu zen.

Osasuna da gastu handieneko helburua: 1.470 euro gastatzen baita urte eta biztanleko. Bigarren tokian Estatuari eta toki entitateei eginiko transferentziak daude: 1.133 euro biztanleko. Hirugarrena Hezkuntza da: 985 euro. Ondoren gizarte gastuak datoz (720 euro), Industria, energia eta berrikuntza (368 euro eta etxebizitza eta hirigintza (333 euro). Finantza zamari aurre egiteko 231 euro gastatu ziren iaz biztanleko.

Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %8 gutxitu ziren. Azpiegiturek izan zuten jaitsiera handiena (%38), industria eta etxebizitzan ere %11 gutxiago gastatu zen, %9 gutxiago Osasun arloan eta gizarte gaietan eta hezkuntzan ere %8 eta %6 gutxiago, hurrenez hurren. Langileria gastuak %1 jaitsi ziren.

Diru-sarrerak ere %8 murriztu dira, batez ere tasak eta prezio publikoak, kapital transferentziak eta finantza pasiboak murriztu direlako.

Kontuen Ganberak dioenez, Nafar Ogasunaren aurrekontu saldoa negatiboa da 322 milioitan. Krisia hasi zenetik, kontu publikoetan defizita izan da, diru-sarrerek behera egin baitute, eta horrek arazoak sortu ditu epe laburreko ordainketei aurre egiterakoan. Horregatik, Gobernuak kredituak eskatu behar izan ditu. Iaz, hain zuzen, 316 milioiko kredituak eskatu zituen finantziazio arazoak gainditzeko.

Estatuarekin eginiko inbertsioak ere aipatzen dira. Kontuen Ganberak dioenez, horietako batzuek gastu handia eskatu diote Nafarroari, baina ez zaie atera beharreko errentagarritasunik atera, Estatuak ez baitu konpromisoa bete berari zegozkion obra-lanetan.

Ogasunaren zorrari dagokionez, 1.917 milioikoa da, diru-sarrera arrunten %55, aurreko urteko baino hamar puntu handiagoa.

Enpresa publikoen egoera ere aztertzen da. Gaur egun 20 enpresa daude, 1.400 langile dituztenak. Iaz 56 milioiko galera izan zuten. Epe luzeko zorra 56 milioikoa da, aurreko urtekoa baino %5 handiagoa.

Aurrekontu kitapena aztertuta, Kontuen Ganberak dio, oro har, ongi islatzen dituela ondare egoera eta finantza egoera. Nolanahi ere, bi salbuespen aipatzen dira: ondasun zerrendarik eza eta funtzionarioen montepioak eraginiko etorkizuneko gastuak kalkulatu ez izana.

Legezkotasunari dagokionez, Nafarroako Gobernuak indarrean dagoen legedia bete egiten du haren ekonomia jardueran.

Kontuak orekatzeko konpromisoak zenbateraino bete diren ere aztertu da. Alde horretatik, Gobernuak 368 milioi behar izan zituen kontuak orekatzeko, barne produktu gordinaren %1,97. Beraz, helburua ez zen bete, Estatuak autonomia erkidegoei aginduriko gehienezko portzentajea %1,3 zelako.

Nafarroako Gobernuaren zor mailari dagokionez, itzalpeko ordain-saria eta enpresa publikoen datuak kontuan harturik, 2.442 milioiko zorra dago, gehienezkoa baino zertxobait apalagoa.

Txostenak Ogasunaren kudeaketa hobetzeko proposamen batzuk egiten ditu, horien arten ondasun zerrenda egin dadila eta zerga, zordun eta hartzekodunetan kontabilitate publikoaren plana erabil dadila.