Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2015/20 2014ko Nafarroako Kontu Orokorrak ()Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak iaz 3.803 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak, berriz, 3.855 milioi izan ziren.
Gastuen diru-sail nagusia ohiko transferentziak dira: 1.387 milioi. Bigarrena langileria da: 1.111 milioi. Ohiko gastu eta zerbitzuetan 532 milioi gastatu ziren, eta inbertsioetan 100 milioi baino gutxiago gastatu zen.
Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 1.428 milioi bildu ziren eta zeharkako zergekin, berriz, 1.586 milioi. Dirua biltzeko hirugarren iturria zorra izan zen: 500 milioi.
Iazko kontu orokorrek 169 milioiko aurrezki gordina islatzen dute, hori izan baitzen ohiko gastu eta diru-sarreren arteko aldea. Dena den, aurrezki hori ez zen aski izan zorrak sorturiko finantza zamari aurre egiteko, zorrak 400 milioiko gastua eragin baitzuen.
Nafarroako Gobernuaren gastua arloka aztertuz gero, hauexek dira konklusioak: Osasuna da arlo nagusia, gastuen %24rekin; bigarren eta hirugarren gastua Hezkuntza eta Estatuari ordaindurikoa dira, %15narekin. Finantza zamak gastuen %10 eskatzen du, eta gizarte zerbitzuetan %6 gastatzen da.
Gastua departamentuka aztertuz gero, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegua da nagusia, %31rekin. Osasuna da bigarrena, %24rekin eta Hezkuntza hirugarrena, gastuen %15ekin. Gutxien gastatzen duena Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilaritza da, aurrekontuaren %1 besterik ez baitu.
Kontuen Ganberak dioenez, Gobernuaren kontuek ongi islatzen dituzte ondarearen egoera, aurrekontu-kitapena eta Foru Administrazioaren finantza egoera. Badira, hala ere, bi salbuespen: ondasun zerrenda egin gabe dago, eta funtzionarioen montepioak sorturiko gastuak ez dira ez balantzean eta ez memorian ere jasotzen.
2014ko gastu eta diru-sarrerak %3 igo ziren aurreko urtekoekin alderatuta. Gastuetan nabarmena da finantza pasiboen igoera. Diru-sarreretan, berriz, zeharkako zergak, kapital transferentziak eta finantza pasiboak igo ziren.
Foru Administrazioaren zorra 3.197 milioikoa zen iazko abenduaren 31n, Nafarroako barne produktu gordinaren %17,9. Gehienezko zorra BPGren %18,1 zela kontuan hartuz, Foru Administrazioak helburua bete egin zuen.
Txostenak enpresa publikoen egoera ere aztertzen du. 16 dira, 816 milioiko ondare garbia dute eta 224 milioiko zorra. 2014ko amaieran, 1.038 langile zituzten. Langile gehien duen enpresa Tracasa da: 364 lagun.
Txostenak, azkenik, kudeaketa hobetzen segitzeko neurri batzuk proposatzen ditu: kontabilitate publikoaren plana onartzea, Foru Administrazioaren ondasun zerrenda egitea eta zerbitzuen kostuak ezagutzeko kontu sistema martxan jartzea.