Skip to main content

ASOCEX

2022/11 2021eko Kontu Orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2022/11 2021eko Kontu Orokorrak (
867
)

Kontuen Ganberak 2021eko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du

Kontuen Ganberak 2021eko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Bertan Foru Administrazioaren finantza egoeraren ikuspegi orokorra eskaintzen da.

Iaz, Foru Administrazioak 5.064 milioi gastatu eta 5.072 milioi bildu zituen.

Gastuetan transferentzia arruntena da kapitulu nagusia, 1.750 milioirekin. Langileria da bigarrena, 1.550 milioirekin. Hirugarrena, ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak: 744 milioi.

Azterketa departamentuen arabera eginez, Osasun eta Ekonomia eta Ogasun departamentuak dira nagusiak, bakoitzak 1.300 milioirekin. Kontuan hartzekoa da Ogasunaren gastuaren barruan sartzen dela Estatuari eginiko ekarpena: iaz, 535 milioi. Ondoren, Hezkuntza Departamentua dago, 735 milioirekin. Eskubide Sozialetako Departamentuak 467 milioi gastatu zituen, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak 424 milioi.

Dirusarreretan zerga zuzenak eta zeharkakoak oso parekaturik daude, 2.000 milioi pasatxorekin. Transferentzia arruntek 381 milioi egin zuten, eta kapitalaren transferentziek 190 milioi.

Txostenak pandemiak Nafarroako kontu publikoetan izan dituen ondorioei buruzko datuak ere ematen ditu. 2020tik 2022ra gastuak 457 milioi dira eta diru-sarrerak 435 milioi. Azken kopuru hori ia osorik Estatuaren laguntzei dagokie.

Txostenak dioenez, Foru Administrazioaren kontuek ongi islatzen dute ondarearen irudia, finantza-egoera eta ekonomia eta aurrekontu-emaitzak. Hala ere, urtero errepikatzen diren salbuespen batzuk aipatzen dira.

Legezkotasunari buruzko iritzia ere positiboa da, salbuespen batekin: 220 milioiko gastua indarraldia amaiturik edo kontratu-euskarririk gabe duten kontratuetan.

Aurrekontu emaitza, aurrezkia eta zorra hobetu dira

Foru Administrazioaren kontuek hobera egin dute pandemiak baldintzatu zituen 2020ko datuekin alderatuz. Alde horretatik, kontuak 2016an hasitako hobekuntza bidera itzuli dira. Horren isla da aurrekontu-emaitza ez finantzarioa, negatiboa aurreko urtean eta positiboa iaz 470 milioitan. Aurrezki gordina ere hobetu da, 153.000 eurotik 667.000 eurora.

Zorrari dagokionez, iaz %14 jaitsi ondoren 2.848 milioikoa da. Zorraren erdia baino gehiago 2028a baino lehen amortizatu behar da. Txostenak iazko amortizazioa nabarmentzen du: 607 milioi.

Langileriari dagokionez, Foru Administrazioak 32.000 enplegatu ditu. Horietatik 17.000 baino gehiago aldi baterakoak dira. Beraz, behin-behinekotasun tasa %53 da. Kontuen Ganberaren ustez, portzentaje hori “gehiegizkoa eta kezkagarria” da.

Txostenak gogora ekarri du Estatuak behin-behinekotasuna murrizteko onartu zuen legea, eta hark aurreikusitako premiazko neurriak. Aurtengo ekainean, Nafarroako Parlamentuak foru lege bat onartu zuen egonkortze prozesuak egiteko neurriekin. Helburua, beti ere, behin-behinekotasun portzentajea %8an kokatzea da.

Txostenak sozietate publikoen egoera ere aztertu du. 16 dira, 667 milioiko ondare garbiarekin. Epe luzeko zorra 54 millioi da, aurreko urtean baino %7 gutxiago. Ekitaldiko emaitza kontsolidatua ere hobetu da: -7,7 milioitik 8 milioira igaro da.

Kontuen Ganberak hainbat gomendio ematen ditu Foru Administrazioaren jarduera ekonomiko-finantzarioa hobetzen segitzeko. Ildo horretan, Foru Komunitateko Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra onartzen beharra aipatzen du. Halakorik ezean, Estatuarena osorik aplikatzea eskatzen du, batez ere diru-sarrerei dagokienez. Halaber, kontabilitate-sistema garatzea gomendatzen du, zerbitzuen kostuari buruzko informazioa eman dezan.