Skip to main content

ASOCEX

1999/13 98ko Nafarroako kontu orokorrak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/13 98ko Nafarroako kontu orokorrak ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak 1998ko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Txostenean Diputazioaren kontuak aztertzen dira eta azterketa horren oinarritzat honako gaiak: aurrekontuaren betetzea, ondasun egoera, legezkotasuna eta egoera ekonomikoa.

Txostenak dioenez, 1998ko aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu urteko gastu eta dirusarrerak. Dena den, badira salbuespen batzuk, zenbait kasutan kontabilizazio desegokia egin baita.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, iaz Diputazioak 355.000 milioiko aurrekontua izan zuen. Gastuetan aurreikusitakoaren ehuneko 95 bete zen eta dirusarreretan ehuneko 98.

Txostenak azaltzen duenez, Gobernuak 1998an Estatuarekiko hitzarmen ekonomikoa gaurkotu eta Nafarroak bere gain ez zituen zerga batzuen kudeaketa hartu zuen (hidrokarburoak, tabako eta seguruen gaineko tasa). Horren ondorioz, Estatuari pagaturiko dirutza 23.000 milioitik 59.000 milioira igo zen. Horrek Nafarroako kontu orokorretan izan zuen eragina alde batera utzita, Kontuen Ganbarak aurreko urteko datuekin konparazioa egin du eta azterketa horren arabera, 1998an gastuak ehuneko 9 gehitu ziren eta dirusarrerak ehuneko 12.

Kontuen Ganbarak dio azken urteotako aurrekontuaren emaitza ona izan dela egoera ekonomiko onari esker dirusarrerak gehitu direlako. Egoera ekonomikoa aldatuko balitz, zergen bitartez lortzen diren dirusarrerak nabarmen gutxituko lirateke eta horrek Haziendaren egoeran eragin larria izanen luke. Horregatik, Kontuen Ganbarak gastuetan zuhur jokatzeko eskatzen dio Administrazioari.

Egoera balantzeari dagokionez, Ogasunaren ondasun egoera ongi islatzen du baina oraindik ere badira salbuespen batzuk zordunetan eta funtzionarien pentsio sistemak eragindako kontingentzietan, hain zuzen.

Legezkotasunari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio Nafarroako Gobernuak, oro har, indarrean dagoen legedia bete egiten duela.

Kontuen Ganbarak eginiko txostenak Nafar Ogasunaren egoera ekonomikoa ere aztertu du. Txostenean bilduriko datuen arabera, 1998ko ekitaldian Diputazioak 80.000 milioiko aurrezki gordina lortu zuen. Aurrezki hori aski izan zen dirusarrera eta kapital gastuen arteko aldea (60.000 milioi) estaltzeko.

Nafarroako Gobernuak Madrilgo Hazienda Idazkaritzarekin sinaturikoa bete egin duela azpimarratzen du. Aurreikusitakoaren arabera, iazko abenduaren amaierako zorrak ez zuen 133.000 milioitik pasa behar. Aurreikusitakoa bete ez ezik, hobetu ere egin da zorra 11.000 milioitan gutxitu eta gero 114.000 miliokoa delako.

Txosten guztietan bezala, honetan ere Kontuen Ganbarak gomendio batzuk eskaintzen ditu diru publikoaren kudeaketa hobetzeko. Horietako bat Nafarroako Gobernuko funtzionarioen pasiboen sistemari dagokio. Izan ere, gaur egun funtzionarioei sistema ezberdinak aplikatzen zaizkie eta, gainera, sistema historikoa (Funtzionarioen Montepioa) ez da Langilearen Estatutora egokitu. Hau dela eta, funtzionarioen kostua ezberdina da dagokien pasiboen sistemaren arabera eta erretiroa hartutakoan ere funtzionarioek ez dute berdin kobratzen. Funtzionarioen pasiboen sistema behin betikoz argitzeko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.