Skip to main content

ASOCEX

2022/03 Administrazio elektronikoaren ezarpena 8.000 eta 20.000 biztanle bitarteko Nafarroako udaletan

Argitalpen data

Azken urteotan onarturiko araudiaren helburua da toki administrazioa digitalizatzea, eta tramitazio elektronikoa ohiko kudeaketa bide bihurtzea. Norabide horretan eginiko azken urratsa 2021eko martxoko errege-dekretu bat da. Sektore publikoaren jardun eta funtzionamendu-arautegia onartu zuen bitarteko elektronikoen bidez.

Estatuan, diputazioek edo erakunde baliokideek bermatu behar dizkiete administrazio elektronikoko zerbitzuak 20.000 biztanletik beherako udalei. Nafarroan, toki-administrazioan legedi propioa izanik, Foru Administrazioak bermatu behar du zerbitzu horiek eskaintzen direla, udalei laguntza emanez administrazio elektronikoa martxan jar dezaten.

Txostenak dio Nafarroako Gobernuak ez dituela aztertu tokiko erakundeetan administrazio elektronikoa ezartzeko beharrak, ezarpen-maila eta egoera. Azken bi urteotan diru-laguntzak eman ditu, baina zenbatekoak eskasak izan dira administrazio elektronikoari benetako bultzada emateko.

Horregatik, udalek araudiei eskakizunei heldu behar izan diete, bakoitzak bere kabuz. Kontuen Ganberaren iritziz, baliabideak bideratzen dira baina behar bezalako planifikaziorik eta lehentasunik gabe. Herritarren eskura jarritako zerbitzu elektronikoen erabilerari buruzko jarraipenik ere ez dago.

Kontuen Ganberak eginiko azterketaren arabera, zenbait zerbitzutan garapen ona dago: egoitza elektronikoa, identifikazioa eta sinadura, jakinarazpen elektronikoa, espediente elektronikoa, herritarren karpeta eta faktura elektronikoa, besteak beste. Ezarri gabekoen artean bi aipa daitezke: artxibo elektronikoa eta gaitutako funtzionarioen erregistroa.

Oro har, zergen kudeaketako digitalizazio-maila moderatua da, eta hobea tasa, prezio publiko eta diru-laguntzetan. Alde horretatik, Burlatako Udala nabarmentzen da, plantillan teknologia berrietan aditua duen bakarra baita. Plangintzari dagokionez, Atarrabia da faseka jarduteko plana duen bakarra. Noain ere nabarmentzen da, espediente elektronikoa martxan jartzen lehena izan zelako eta kudeaketa-prozedura guztietan ezarri duelako.

Txostenaren konklusioak ikusita, Kontuen Ganberak gomendio bat luzatu dio Nafarroako Gobernuari: azterketa bat egin dezala, Nafarroako udalak administrazio elektronikoa nola ezartzen ari diren ezagutzeko. Horrez gain, horren garapenerako estrategia orokorra zehazteko eskatu dio. Bide horretan aitzina egiteko, beharrezko giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta teknologikoak udalen eskura jarri behar lituzke. Azkenik, herritarren artean administrazio elektronikoaren erabilera sustatzea gomendatzen du.

Udalei bi gomendio nagusi egin dizkie: barne-antolaketa kudeaketa mota berrira egoki dezatela; eta tramitazio elektronikoan aurrerapausoak eman ditzatela.