Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2012/09 Iruñeko udala (2010) ()Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren 2010eko fiskalizazio txostena plazaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: kontu orokorra, legezkotasuna, finantza egoera eta Kontuen Ganberak azken txostenetan eginiko aholkuen jarraipena.
2010ean Iruñeko Udalak 270 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak, berriz, 236 milioikoak izan ziren. Gastuetan nagusiak langileria eta inbertsioak dira: 83 eta 82 milioi, hurrenez hurren. Ohiko ondasun eta zerbitzuen erosketan 73 milioi gastatu zituen. Ohiko transferentziek 12 milioi egin zuten, eta kapital transferentziek 10 milioi.
Diru-sarrerei dagokienez, ohiko eta kapital transferentziei esker 96 eta 46 milioi bildu ziren, hurrenez hurren. Zuzeneko zergen bidez 50 milioi bildu ziren, zeharkako zergen bitartez 6 milioi eta erdi eta, azkenik, tasa eta prezio publikoek 26 milioi eman zituzten.
Kontu orokorrak ongi islatzen ditu ondasun eta finantza egoera, eta baita urte amaierako emaitza ekonomikoa ere. Dena den, salbuespen bat aipatzen da: balantzeak ez dituela kontuan hartu Udalaren pentsio sistemak sortzen dituen beharrak. Udalak berak egina duen azterketa baten arabera, aipaturiko pentsio sistemak urtean 22 milioi euroko kostua du.
Legezkotasunari dagokionez, Iruñeko Udalaren finantza jarduerak indarrean dagoen legedia bete egiten du.
Ekonomia egoera ere aztertu da. Alde horretatik, urteko aurrekontuak 28 milioiko defizita eman zuen. Aurreko urtean 19 milioiko superabita izan zuen. Gastu orokorretarako diruzaintza ere negatiboa da 21 milioitan.
Aurrekontuaren datu nagusiak ikusita, hona hemen konklusioak: ohiko gastuak handitzen ari diren bitartean, zergen bidezko diru-sarrerek behera egin dute. Udalaren zorra 96 milioikoa zen 2010eko amaieran. Kontuen Ganberaren ustez, Iruñeko Udalak zuhurtziaz jokatu behar du, gastuei eutsiz eta, ahal duen neurrian, sarrerak handituz.
“Proiektu handi”ei dagokienez, aldez aurretik azterketa sakonak egiteko beharra azpimarratzen da. Halaber, ekonomia suspertu eta lana sortuko duten proiektuak lehenetsi behar direla aipatzen da. Alde horretatik, Abiadura Handiko Trenarendako geltoki berriari loturiko udalaz gaindiko proiektua aipatzen da. Nafarroako Gobernua, Zizur Nagusia eta Zizurreko Zendea kudeatzen ari diren planak 297 milioiko kostua du, eta 9.000 etxebizitzen eraikuntza aurreikusi du.
Kontuen Ganberak dioenez, gaurko krisian eta etxegintzaren egoera kontuan harturik “zaila” izanen da etxebizitza kopurua hori kudeatzea. Proiektuak ekar ditzakeen ondorio ekonomikoaz hausnarketa egitea eskatzen da.
Azkenik, Udalak hornitzaileedako ordainketa-epea ere aztertu da. Bataz besteko ordainketa epea 42 egunekoa bada ere, faktura gehienak 40 egunetik beherako epean ordaintzen dira. Udal Gerentzia da epe luzeen duen arloa: 56 egun, bataz beste. Azkarren ordaintzen duena, berriz, Hirigintza da, bataz beste 35 egunetan egiten baitu. Datu horiek ikusita, Udalak bete egiten du 2010eko uztailean onarturiko legea. (Berankortasunaren aurkako legea).