Skip to main content

2023/02 Iruñeko Udalaren Kontu Orokorra, 2021eko ekitaldia

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalari buruzko txostena argitaratu du. Bertan, udalaren kontuak eta finantza egoera aztertu ditu.

Udalak bi erakunde autonomo ditu: Haur eskolak eta Hirigintza Gerentzia. Sei sozietate publikotan parte hartzen du, eta fundazio bat du Gaiarre antzokia kudeatzeko.

Udalak 255 milioi gastatu zituen iaz, eta 242 bildu.

Gastuetan nagusia langileria da: 104 milioi. Ohiko ondasunetan 74 milioi gastatu ziren, eta inbertsioetan 47.

Diru-sarreretan transferentzia arruntak dira nagusiak: 110 milioi. Zuzeneko zergen bidez 54 milioi bildu zituen, eta tasa eta prezio publikoei esker 42.

Udalaren kontuek ongi islatzen dute ondarearen irudia eta 2021eko abenduaren 31ko finantza egoera. Legezkotasunaz ere aldekoa da iritzia, salbuespenenen bat aipatzen bada ere: legediak aurreikusi gabeko soldata-gehigarri batzuk ordaindu izana.

Finantza-egoera ona

Udalaren finantza egoerari dagokionez, aurrezki gordin eta garbia jaitsi egin dira, 32 milioitik 29ra eta 22tik 19ra, hurrenez hurren. Dena den, udalak funtzionamendu-gastuei eta finantza-zamari aurre egiteko adina baliabide sortzen du.

Zorra 36 milioikoa da, aurreko urtean baino %21 txikiagoa. Jaitsiera 8 milioiko amortizazioaren ondorioa da.

Diruzaintzako gerakina ere jaitsi da, 35,5 milioitik 28,5 milioira. Dena den, 2018ko eta 2019ko datua baino hobea da.

Laburbilduz: adierazle batzuk aurreko urtean baino txarragoak badira ere, Iruñeko Udalaren finantza egoera ona da.

Udalak 1.450 lanpostu ditu. Horietatik 591 bete gabe daude, gehienetan aldi baterako kontratuak daude. Behin-behinekotasun tasa %36 da, “handiegia” Kontuen Ganberaren ustez.

24 milioiko inbertsioak

Inbertsioetan 24 milioi gastatu dira. Nabarmen igo dira, aurreko urtean 13 milioi besterik ez baitziren gastatu. Inbertsioetan nabarmentzekoa da Arrosadia aldeko karrika batzuen urbanizatze-lana: Manuel de Falla, Urrobi eta Irati baia karrikak. Bertan 3,8 milioiko inbertsioa egin da. Iaz Labriteko zaldainean gastaturikoa ere aipatzen da: 600.000 euro. Txostenak inbertsio horren berri ematen du, hasi zenetik orain arte, errefortzu lanetan gastaturikoa ere barne.

Azkenik, Udalak Europak pandemiari aurre egiteko emanen dituen diru-laguntzak kontrolatzeko onarturiko iruzurraren aurkako plana ere aipatzen du. Txostenak dioenez, planak iruzurrari aurre egiteko eskatzen diren gutxienekoak bete egiten ditu.