Skip to main content

ASOCEX

1999/04 Nekazal errekurtsoen hobekuntza (1997)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/04 Nekazal errekurtsoen hobekuntza (1997) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak \"Nekazal errekurtsoen hobekuntza\" aurrekontu programari buruzko txostena kaleratu du. Programaren xede nagusia nekazaritza-ustiapenak eta komunala hobetzea da eta horretarako Diputazioak lurzatien baterakuntza laguntzeaz gain, larre eta lur ureztagarrien egoera hobetzeko inbertsioak egiten ditu. 19997an aipatutakoetan Nekazal Departamentuak 3.800 milioiko dirutza gastatu zuen.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, lurzatien baterakuntzak 2.000 milioiko kostua izan zuen, erregadiotarako proiektuetan 1.500 milioi gastatu ziren, larretan 284 milioi eta lur komunaletan 62 milioi.

Kontuen Ganbarak dioenez, dirusarrera eta gastuen kitapenak ongi islatzen du urtean zehar eginiko iharduera ekonomikoa, helburuak ere bete egin dira eta hori dena legezkotasuna errespetatuz egin da. Nolanahi ere, Kontuen Ganbararen arabera Nekazal Departamentuak laguntzen dituen proiektuen eraginkortasuna neurtzeko irizpide eta adierazgarriak finkatu beharko lituzkeela uste du.

1997an erregadioetarako emaniko 1.480 milioietatik, 1.300 milio baino gehiago lur ureztagarri berrietarako erabili ziren. Proiektu horiek honako herrietan burutu ziren: Andosilla, Azagra, Cascante, Urantzi, Gares eta Biana, besteak beste.

Proiektu horiek Riegos de Navarra enpresa publikoak egiten ditu. Diputazioak 106 milioiko dirutza eman zion aipatu enpresari bere funtzionamendu gastuetarako.

Kontuen Ganbararen txostenak dioenez, 1984an Nafarroan hektarea ureztagarriak 84.000 ziren eta ordutik hona Diputazioak beste 10.000 hektarea ureztatzeko laguntzak eman ditu. Datozen urteotarako planaren arabera, erregadioak bultzatzen segituko du eta horretarako 91.000 milioiko dirutza dago aurreikusita. Dirutza horretatik zati nagusia (68.000 milioi) Nafarroako Ubidearekin martxan jarriko diren 57.000 hektarea berrietara bideratuko da.

Lur zatien baterakuntzari dagokionez, 1997an 1.770 milioi gastatu ziren. Kontuen Ganbarak konzentrazio prozesua egin duten bost zona aztertu ditu eta azterketaren ondorioak honakoak dira: Lur zatien baterakuntzaren bataz besteko epea 7 urtekoa da eta kostua hektarea bakoitzeko 140.000 pezetakoa da. Txostenak dioenez, lur zatien baterakuntza prozesua erreztu eta gaur eguneko artxibo sistema hobetu beharko litzateke espedienteen informazioa errazago bildu ahal izateko.

Larren hobekuntzari dagokionez, 1990tik 1998ra, bataz beste, 172 hektarea berri sortu dira urtean eta 429 hektarea hobetu dira. Gaur egun helburu nagusia ez da larre berriak sortzea baizik eta daudenak hobetzea, batez ere ganaduzaleen lana errazteko.

Komunalen berreskurapen eta defentsan 62,6 milioi gastatu ziren. Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Nafarroan lur sailen ehuneko 45 komunala da eta Diputazioa behartuta dago lur horiek defendatzera.

Txostenak dioenez, Diputazioak ahalegin berezia egin beharko luke zenbait herritako komunala berreskuratzeko: Caseda, Azkoien, Donamaria, Ituren, Etxalar, Baztan eta Bertizaranan, batez ere. Bestalde, Kontuen Ganbararen iritziz, Nekazal Departamentuak datu base egokia antolatu beharko luke herri lurren jarraipena errazagoa izan dadin.