Skip to main content

ASOCEX

2003/19 Tafallako Udala (2002)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2003/19 Tafallako Udala (2002) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Tafallako Udalaren fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Tafallak 10.646 biztanle ditu eta bertako Udalak eta haren erakunde autonomoek 147 langile dituzte. Txostenak eskaintzen dituen datu guztiak 2002koak dira.

Txostenak honakoa aztertu du: Udalaren aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna eta finantza egoera.

Txostenak emaniko datuen arabera, Tafallako Udalak iaz 14,1 milioi euro gastatu zituen eta 13,8 bildu. Hasierako defizita 257.000 eurokoa izan bazen ere, urtealdi amaierako doikuntzak egin ondoren behin betiko defizita 1.050.000 eurokoa izan zen. Udalaren zorrari dagokionez, 5,4 milioi euro egin zuen 2002ko amaieran. Izan ere, Udalak beste mailegu batzuk eskatu behar izan zituen kiroldegiko obra lanei aurre egiteko.

Comptos Ganberak kezkagarritzat jotzen du Tafallako Udalaren finantza egoera, batez ere zor maila handiari aurre egiteko beharko dituen baliabideak sortzeko gai izanen ote den ez dagoelako garbi. Gainera, kontuan hartzekoa da zergak legeak aginduriko gehienezko zenbatekoan kobratzen dituela, hiri kontribuzioan izan ezik.

Bestalde, transferentziekiko menpekotasun handia ere azpimarragarria da: dirusarreren ehuneko 55.

Finantza egoera konpon lezakeen gauza bat aipatzen du txostenak: 2003ko martxoan Udalak etxebizitza plana onartu zuen. Planaren arabera salduko diren lur saileen ondorioz Udalak 2,7 milioiko dirutza jaso lezake.

Comptos Ganberak udalaren aurrekontu kitapena ere aztertu du. Haren iritziz ongi islatzen ditu 2002an eginiko ekonomia jarduera eta aurrekontu egoera.

Egoera balantzeak ere egoki islatzen du Udalaren finantza egoera, baina bi salbuespen daude: ondasun zerrenda gaurkotu gabe dago eta pentsio sistemaren ondorioz sorturiko betebeharrak ez daude zenbaturik.

Legezkotasunari dagokionez, txostenak dio indarrean dagoen legedia bete egiten dela gehienetan, baina kontratazioan lege hauste batzuk aurkitu dira.

Laburbilduz, hauxe da Comptos Ganberaren iritzia: Tafallako Udalak ikuspegi administratibotik ongi kudeatzen du aurrekontua. Finantza egoera zaila dauka, zorrari aurre egiteko beharko dituen finantza-baliabideak sortzeko gai izanen ote den ez dagoelako argi. Horregatik, txostenak bidegarritasun plana onartzeko eskaera egiten dio Udalari. Planak udal zerbitzuen gaineko azterketa sakona egin beharko luke, Udalak bere gain har litzakeen proiektuak ere argitu eta zorrari nola aurre egin zehaztu.

Azkenik, erakunde autonomoen lanak zehaztu egin behar dira eta zaharetxeko kudeatzaileei aurrekontu kitapena eta urteko kontuak eskatu behar zaizkie, ondoren Udalaren kontu orokorrean sartzeko.