Skip to main content

ASOCEX

2020/06 Tracasa sozietateari eginiko enkarguak (2017-2019)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Gobernuak Tracasa Instrumental sozietate publikoari eginiko enkarguak aztertu ditu. Enpresa hori 2016an sortu zen, Tracasa bitan zatitu zelarik. Zatiketa Europak kontratazio publikorako ezarritako arautegia betetzeko egin zen. Tracasa Instrumental administrazio publikoen enkarguetarako sortu zen; Tracasa Mercado, berriz, merkatu librean lanean segitzeko.

Enkarguen kudeaketa Nafarroako Gobernuko Aldaketa Digitalerako Zuzendaritzak egiten du, zuzen edo zeharka. Lan horien helburua da, besteak beste, informazio sistemak garatzea, zorrak kudeatzea eta katastroa egitea.

Iazko enkarguek 16 milioi egin zuten. Sei milioi Nafarroako Zerga Ogasunak gastatuak; hiru Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barne eta Justizia Departamentuak; eta beste hiru Landa Garapena, Ingurugiroa eta Toki Administrazioak. Bi milioitik beherako zenbatekoak dituzte Osasunbideak (1,6 milioi) eta Ekonomia Garapenak (1,3 milioi).

Kontuen Ganberak sakon aztertu ditu Gobernuak Tracasa Instrumental sozietateari 2017 eta 2018an eginiko enkarguak: 16na milioi. Ordainketa enpresako langileek sarturiko orduen arabera egiten da.

Kontuen Ganberak dioenez, Tracasa Instrumentalek ez ditu fakturaturiko ordu guztiak egin. Badira aurretik ordainduriko eta sekula egin gabeko orduak. Bestalde, Tracasa Mercadoko profesionalen orduak ere fakturatu dira, beste enpresakoak balira bezala.

Aurretik ordaindu eta egin gabeko orduak 10.612 dira: 400.000 euro. Gainera, enpresak beste 60.000 euro itzuli beharko lioke Gobernuari, fakturetan kobratu eta egin gabeko orduengatik. Bestela, ordu horiek kobratu gabe egin beharko lituzke.

Txostenak dioenez, Tracasak enkarguak kudeatzeko erabiltzen duen sistema eskasa da, ez du kontrol egokia bermatzen. Horren adibidea da fakturak eskuz egiten direla; aldez aurretik eginiko kobrantzek ez dutela jarraipen egokirik; Tracasa Mercado enpresa modu desegokian kontratatzen dela; eta azken enpresa horretako langileriaren orduak fakturatzen direla, Tracasa Instrumentalekoak balira bezala.

Nafarroako Gobernuari dagokionez, enkarguak iraunkorrak, betiko beharrei aurre egiteko. Kontuen Ganberaren ustez, Foru Administrazioak gogoeta egin beharko luke, behar horiek betetzeko modu hoberena Tracasari eginiko enkargua ote den. Gobernuak enkarguez egiten duen kontrola, oro har, eskasa da.

Enkargu horietako batzuetan, enpresako langileak Administrazioaren lantokietan aritzen dira, haren ataletako buruen zuzendaritzapean. Beraz, kasu horietan enkargua Administrazioaren langileria falta konpontzeko modua da.

Enkarguen zati handia bat informatikari dago lotua. Horretaz argia da Kontuen Ganberaren abisua, askotan egina: informatika funtsezkoa da gaur egungo kudeaketa, eta haren ezagupena kanpoko enpresen esku uzten ari da. Txostenak dioenez, horrek ahulezia eta arriskua dakarkio Foru Administrazioari.