Skip to main content

ASOCEX

1999/11 Turismoa bultzateko programa (1998)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

1999/11 Turismoa bultzateko programa (1998) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak \"Turismoaren garapenerako\" aurrekontu programari buruzko txostena kaleratu du. Txostenean aurrekontua, administrazio prozedurak eta programaren bitartez lorturiko eraginkortasuna aztertu dira. Txostenak emaniko datuak 1998koak dira.

Txostenak dioenez, dirusarrera eta gastuen kitapenak ongi islatzen du urtean eginiko iharduera. Aurrekonturen arabera, Turismo Departamentuak 1.000 milioi gastatu zituen. Dirutza horren zati nagusia (420 milioi) inbertsioetarako transferentzietan gastatu zen. Dirulaguntza gehien (365 milioi) erakunde pribatuek jaso zuten eta gainerakoa partzuergo, udal eta mankomunitateek. Inbertsio hauek FEDER programa europearraren laguntza jasotzen dute. Iazko dirulaguntza 163 milioikoa izan zen.

Inbertsioei dagokienez, hasierako aurrekontua 141 milioikoa bazen ere, benetako inbertsioa horren erdia izan zen Kongresuen Jauregia eta Iruñeko Turismo Bulegoaren obrak atzeratu zirelako.

Nafarroako Kontuen Ganbarak dioenez, Turismo Zerbitzuaren iharduera legedia errespetatuz egiten da eta, oro har, barne kontrola egokia da. Nolanahi ere, onarturiko aurrekontua eta benetako beharren arteko aldea nabarmena da eta, horren ondorioz, aurrekontu transferentziak egin ohi dira beharrei aurre egiteko. Bestalde, txostenak dioenez gastu gehienak urteko azken hilabetean egiten dira. Bi arazo hauek gainditzeko beste horrenbeste gomendio eskaintzen ditu txostenak: aurrekontua beharretara egoitzea eta urteko ihardueraren planifikazio egokia egitea gastuak abenduan pilatu ez daitezen.

Turismoaren garapenerako programak lorturiko eraginkortasunari dagokionez, Kontuen Ganbarak dio helburuak ez direla behar bezain zehatzak eta, beraz, ez dago programaren eraginkortasuna neurtzerik.

Kontuen Ganbarak dioenez, Turismo Zerbitzuan bada plan estrategiko bat, ofizialki onartu ezbada ere. Planak turismoaren ikuspegi orokorra eskaintzen du, alde onak eta txarrak aipatuz.

Alde onei dagokienez, eskaintza turistikoaren gorakada aipatzen du. Izan ere, 1998ko abenduan Nafarroak 18.000 milatik gora turismo plaza zituen, orain dela bost urte baino 4.000 gehiago. 1994-1998 epean bederatzi hotel eta 15 hostal sortu ziren.

Landa-etxeen kopurua ere nabarmen handitu da azken urteetan. 1992an 140 ziren eta 1998an 367. Txostenak emaniko datuen arabera, iazko abenduan Nafarroako landa etxeek 2.412 plaza eskaintzen zizkieten bisitariei.

Turismoak Nafarroan dituen gabezietan nabarmenetakoa epe luzerako plan eza da. Turismo Zerbitzuak berak aitortzen duenez, Gobernuak ez du turismoa garatzeko plan zehatzik.

Kontuen Ganbararen aburuz, azken urteetan Diputazioak ahaleginak egin ditu turismoa bultzatzeko eta ahalegin hori, gehienbat, landa etxetara bideratu du. Gaur egun, landa etxeak sendotuta daude, etapa hori, beraz, amaitu da eta beste helburu batzuk finkatzeko garaia heldu da. Urteoroko programak epe luzerako helburu horietara egokitu beharko lirateke eta helburu zehatzak ere zehaztu beharko lirateke programaren eraginkortasuna neurtu ahal izateko.