Skip to main content

Gure Etxea

Kontuen Ganbera Iruñeko Ansoleaga karrikan dago, balio handiko eraikin batean. Hiriko etxerik zaharrena dugu, gotiko zibiletik guganaino zutik iraun duen bakarra.
Etxea Nafarroako Carlos V. erregeak erosi zuen, erakundeari behin betiko egoitza emateko. Ordutik, Iruñeko parte zaharreko etxe honetan egon zen, harik eta erakundeak 1836an desagertu zen arte. Kontuen Ganberaren egoitzaz gain, diru-etxea ere bazen, bertan egiten baitzen Erreinuko dirua. Kontuen Ganbera desagertu ondoren, etxeak gordetzen zuen artxibo baliotsua Nafarroako Artxibo nagusira eraman zuten. Geroztik, eraikinak hainbat kultur erakunde hartu zituen: Monumentuen Batzordea, Nafarroako lehen museoa, Vianako Printzea erakundea, Euskararen Akademia eta Nafarroako Unibertsitatea, besteak beste.

Eraikinaren ezaugarriak

Kanpoko itxurarengatik eta egikeraren zenbait detailetan nabari denez, Kontuen Ganbera gisa egokitu baino franko lehenagokoa behar du. Seguro asko XIII. mendekoa edo izan daiteke. Harrizko eraikuntza sendo bat da, bi platabanda sendoz osatutako arku puntaduna duena, hastapeneko edo trantsizio gotikoaren bereizgarri dena. Baditu leiho puntadun zenbait, sekzio zilindrikoko mainelez eta apaingarri soileko kapitelez hornituak. Ataburuan gorago iristen den atal bat dago, dorre antzo. Espainiako erret armez hornitutako armarria XVIII. mendean ezarri zen. Barneko patiora ematen duen trantsitoa kanoi puntaduneko ganga sendo batez estalia da.
Patioan, lorategiduna baita, antzinako putzu bat dago oraindik ere, eta baita ate bat eta Zangozako San Nikolas ermita desagertutik ekarritako zenbait hondakin arkeologiko ere, San Inazio Loiolakoa 1521ean zauritu zuten lekuan Cardona erretordeak 1601ean jartzeko agindu zuen latinezko inskripzioa, hilobi gotiko bat etzandako gizamolde batekin eta beste zenbait pieza historiko-artistikorekin.