Skip to main content

Ignacio Cabezak Next Generation diru-funtsei buruzko txostena azaldu du Parlamentuan

Argitalpen data

Kontuen Ganberako lehendakari Ignacio Cabezak Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilentzia Plana ezartzeko Gobernuak hartu dituen neurriei buruzko txostena aurkeztu du gaur Parlamentuan. Planak bidea ematen du pandemiaren eragina gainditzeko Europak ematen dituen funtsak hartzeko. Europar Batasuna, estrategia horri jarraituz, 750.000 milioiko diru-laguntza emanen die batasuneko kideei, Next Generation funtsen bidez.

Cabezak azaldu duenez, Espainiar Estatuak 70.000 milioi hartuko ditu, itzuli behar ez diren transferentzietan. Diru-laguntza gastatzeko epea 2020-2026 da. Planak lau ardatz nagusi ditu: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, lurralde eta gizarte kohesioa eta genero-berdintasuna.

Txostena Estatuko Kontu Epaitegiaren eta autonomietako kontrol erakundearen arteko akordioaren ondorioa da. Horren helburua da autonomiek diru-laguntzak kudeatzeko hartu dituzten neurriak aztertzea.

Kontuen Ganberako lehendakariak eman dituen datuen arabera, abuztuaren 31 arte Nafarroak 471 milioi jaso eta 106 milioi gastatu ditu. Cabezak diru-laguntzek kudeaketa eta kontrolean dakarten aldaketaz ohartarazi die parlamentariei. Izan ere, helburuetan oinarrituriko laguntzak dira, lorturiko emaitzen arabera banatzen baitira.

Cabezak esan duenez, planifikazio globalik eza nabarmena izan da. Diru-laguntzen kudeaketa Kontu-hartzailetzaren esku utzi izana ere ez du begi onez ikusi, kontrola eta kudeaketa nahastea delako. Dena den, Gobernu berriak gomendioa onartu eta diru-laguntzen kudeaketarako zuzendaritza nagusia sortu duela gogoratu du.

Lehendakariaren hitzaldiaren ondotik, talde parlamentarioetako bozeramaleen txanda izan da.

UPNko Angel Ansaren ustez, Gobernua gaizki kudeatzen ari da Europako funtsak. “Gobernuak ez du estrategia orokorrik, gehienak aurrekontuetako ohiko diru-sailak finantzatzeko erabiltzen ari dira. Kudeaketa txarrak kalte egiten dio Nafarroari”.

Ainhoa Unzu sozialistak, berriz, prozesua ez dela bete azpimarratu du. “Garrantzitsuena helburuak lortzea da, eta hori funtsak inbertitzeko epea amaituta ikusiko dugu”. Azkenik, funtsek hartzen duten eremu zabalaz mintzatu da: “Hezkuntzako inbertsioak daude, osasun arlokoak, bide gorriak…”

EH Bilduko Laura Aznalek funtsak kudeatzeko zailtasunak aipatu ditu. Kezkaturik agertu da betetze-maila apalaz, eta gardentasun falta ere nabarmendu du. “Bizirik dagoen gaia da, eta EH Bildutik aukera paregabea ematen diguten funtsen segimendua egiten jarraituko dugu”.

Mikel Asiain Geroa Baiko eledunak, bere aldetik, Europak krisitik ateratzeko eman duen erantzuna azpimarratu du. “Elkartasuna izan du gidari, ez 2008an bezala”. Nafarroak dagokion baino funts-kopuru txikiagoa ez ote duen jaso aipatu du.

Irene Royo PPkoak “galdutako aukera”tzat hartu du funtsen kudeaketa. Haren ustez, aukeraturiko proiektuak ez dira egokienak, lehiakortasun falta nabarmena da. Ohiko inbertsioak dira, nafar ekonomia aldatzeko lagungarri ez direnak”, azpimarratu du”.

Contigo-Zurekin taldeko Miguel Garridok diru-funtsek dakarren aldaketaz mintzatu da. “Gobernuek helburuen segimendurako eta planifikaziorako bulegoak sortu behar dituzte. Mugarri eta helburuak kudeaketaren gidariak badira, bide horretan abiatu behar dugu”. Europar funtsen garrantzia ere aipatu du, aldaketa sozial, digital eta ekonomikoa bultzatzeko.

Azkenik, Voxeko Maite Nostik planifikazio eza gaitzetsi du. “Utzikeria izan da, giza baliabideak ez baitira aski, langileriari ez baitzaio prestatu eta, gainera, gardentasun falta izan delako”.

Asun Olaetxea lana egin duen kontu-ikuskariak ere hitz egin du. Bi mezu helarazi die parlamentariei. Batetik, funtsen kudeaketak eta gardentasunak dakarren eskakizun maila handia; eta, bestetik, Gobernua  kudeaketa zein gardentasuna hobetzen joan dela azken hilabeteotan.