Kontuen Ganberako lehendakaria Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordearen aitzinean agertu da, 2021eko kontu orokorrei buruzko txostena aurkezteko. Txostenaren konklusio nagusiak aipatzeaz gain, Cabezak ziurgabetasun ekonomikoak kontuetan izan dezakeen eraginaz ohartarazi die parlamentariei. Europako funtsen kudeaketa, laguntzen amaiera, interes tipoen igoera eta defizita eta Europak defizita eta zorra kontrolatzeko berriro martxan jarriko dituen arauak aipatu ditu, horiek guztiek kontuetan eragina izanen dutelakoan.
Cabezak esan duenez, Foru Administrazioaren kontuek hobera egin dute aurreko urtearekin alderatuz. Aurrekontu emaitza hobea da (203 milioitik 469ra igo da), aurrezki gordina ere handiagoa da (153 milioitik 667ra) eta zorra %14 gutxitu da, 2021eko amaieran, Foru Administrazioak 2.848 milioiko zorra zuen.
Hitzarmen ekonomikoagatik Estatuari egiten zaion ekarpenaz ere mintzatu da. Horren ondorioz, 138 milioiko saldo positiboa dago. 2022ko kontuetan izanen du eragina.
Pandemiaren gastu eta diru-sarrerak ere aipatu ditu. Orain arteko gastuak 457 milioi dira. Diru-sarrerak, berriz, 435 milioi.
Langileria publikoaren behin-behinekotasun tasa handiaz kezkatuta agertu da. %53 da, eta 50 urte langileriaren bataz besteko adina.
Navarra Sumako Juan Luis Sanchez de Muniain eledunak kontraturik gabeko gastuak salatu ditu, “salbuespena arau bihurtzen ari delako”. PSNko Amaia Unzuk finantza egoeraren hobekuntza azpimarratu du. Geroa Baiko eledun Mikel Asiainek urteroko txostenetan aipatzen diren salbuespenak behingoz konpontzeko deia egiteaz gain, “itzalpeko bidesari”ek sorturiko gastua aipatu du: 1.645 milioi. EH Bilduko Adolfo Araizek Cabezak aipaturiko arriskuez mintzatu da. Kontraturik gabeko gastuak “Osasunbidearen arazo bat da, eta konpondu egin behar da”. Podemos-Ahal Duguko Mikel Builek 2021eko datuen hobekuntza azpimarratu du. “Txostenak aurrekoak baino askoz lasaiago utzi gaitu”. Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simonek Cabezak aletu dituen arriskuak azpimarratu eta langileria publikoaren behin-behinekotasun tasa handia salatu du. “Langileriaren kudeaketa oso txarra”ren ondorioa da”, gaineratu du.
Argazkian, Ignacio Cabeza gaurko agerraldian. Haren eskuinean, Karen Moreno auditorea, 2021eko kontuei buruzko txostenaren arduraduna.