Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2020/02 Burlatako Udala (2018) (Burlata bi kilometro koadroko herria da, 19.000 biztanlekoa. Udala hamaika arlotan dago antolaturik, alkatetza barne. Bi erakunde autonomo eta hiru sozietate publiko ditu. Kultura eta festa patronatua, eta Kirol patronatua dira lehenak. Sozietateak, berriz, hirigintza arloko SUMB, S.L., haur eskola kudeatzen duen Bizkarmendia eta Erripagaña S.L., Errepagaineko hirigintza garapenerako. Azken honek, 2018an ez zuen jarduerarik izan.
2018an, Burlatako Udalak 15,9 milioi gastatu eta 20,6 milioi bildu zuen. Gastu nagusiak honakoak dira: langileria (8 milioi), ondasun arruntak (4,4 milioi) eta ohiko transferentziak (1,5 milioi). Inbertsioetan 1,4 milioi gastatu zen.
Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentziek 7 milioi egin zuten, zuzeneko zergek 4 bat milioi eta inbertsioen desjabetzetik lorturikoa ere lau bat milioi (udal lur-sailen salerosketak, alegia). Tasa eta prezio publikoen bidez hiru milioi lortu ziren.
Udalak aurkezturiko kontuek ongi islatzen dituzte ondare egoera, aurrekontu kitapena eta finantza egoera. Salbuespena ondasun-zerrenda da, gaurkotu gabe baitago.
Legezkotasunaz ere, txostenak aldeko iritzia eman du. Izan ere, udalaren finantza jarduera indarrean dagoen legediaren araberakoa da. Dena den, horretan ere bada salbuespenik: kontraturik gabeko gastuak, esleipenik ez delako egin, zenbait kasutan, edo kontratuen epe-muga amaitu delako, besteetan.
2018an, Burlatako Udalaren diru-sarrera arruntak %13 handitu ziren; funtzionamendu-gastuak, berriz, %3. Azken urteotan, Erripagaineko hirigintza-garapenak dirutza handia eman dio Burlatari. Hortik etorri da diru-sarreren igoera.
Burlataren ekonomia-adierazleak ona dira eta, gainera, hobera egin dute azken urtean. Horietatik, bi nabarmen daitezke: 2,2 milioiko aurrezki garbia eta zorrik eza.
Txostenak udal kudeaketa hobetzen segitzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Horien artean, Errepagaña Desarrollo Urbano sozietatearen kontuak udal-kontuetan sartzea eta kontratua amaitua duten esleipenak ateratzea. Erripagainak etorkizunean eraginen dituen diru-sarrera eta gastuen gaineko azterketa egitea ere gomendatzen du.