Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2026/12 Etxebizitza babestuaren sustapen eta kudeaketa, 2023-2025 (Kontuen Ganberak etxebizitza babestuaren sustapen eta kudeaketari buruzko txostena argitaratu du. 2023tik 2025era arteko epea aztertu du. Konklusio nagusia da eskaintza eskaera baino askoz murritzagoa dela. Iaz, 831 etxe babestu eskaini ziren. Eskaerak berriz, 24.000 ziren. Beraz, eskaintza eskaeren % 3ra besterik ez da heltzen.
Kontuen Ganberak 2023tik 2025era arteko etxebizitza babestuaren sustapen eta kudeaketa aztertu du. Etxebizitza eskuratzekoa Espainiar Konstituzioak onarturiko eskubidea da, 27. artikuluak jasota. Gaur egun, biztanleriaren kezka nagusienetakoa da, etxebizitza erosi eta alokatzea gero eta zailagoa baita.
Kezka horren jakitun, Estatuko kontu epaitegi guztiek etxebizitzari buruzko txostena egin dute, nork bere lurraldeko egoera aztertuz. Etxebizitzaren kudeaketa Gobernuko Etxebizitza Departamentuari dagokio. Horretarako, Nasuvinsa sozietate publikoa dauka.
Txostenak lau kontu aztertu ditu: etxebizitza babestuaren eta eskaeraren arteko aldea; etxebizitza babestua bultzatzeko eginiko lana; eskatzaileen erregistroaren kudeaketa eta kontrola; eta adjudikazio prozedurak.
Etxebizitza babestua bultzatzeko, Parlamentuak arau batzuk onartu ditu: etxebizitza babestuaren kalifikazio mugagabea; merkatu tentsionatutako eremuak izendatzea: eta alokairu eskuragarria bultzatzea.
Iruñerrian: 34.000 etxebizitzetarako lurzorua
Etxebizitzaren arazoa Iruñerrian da inon baino larriagoa. Txostenak dioenez, 34.000 etxebizitza egiteko lurzorua dago, baina 1.370 besterik ez daude urbanizazio-fasean. 23.700 etxebizitzaren plangintza garatu gabe dago. Gehienak udalaz gaindiko eragina duen Gendulaingo proiektuari dagozkio: 16.000 etxebizitza babestu. Beste 5.000 Abiadura Handiko Trenaren proiektuari daude loturik. Etxebizitza horiek Etxabakoitz, Barañain, Zizur Nagusi eta Zizur Txikian eginen lirateke. Orkoienek ere badu 1.500 etxebizitza babestu egiteko lurzorua, Ezkabartek 500 egin litzake, Berriobeitik 278 eta Arangurenek 200.
Adjudikazio-prozedurari dagokionez, publikoa eta gardena da. Egin beharreko etxebizitzen berri eman ondotik, behin-behineko adjudikazioak egiten dira, eta alegazioak aurkezteko aukera ere bermatua dago.
Txostenak ikuskapen-lana ere aipatzen du. Helburu bakoitza dauka: etxebizitzak ez direla pisu turistikotzat erabiltzen ziurtatzea, eta ohiko bizileku direla frogatzea.
Kontuen Ganberak etxebizitzaren kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk ematen ditu. Horien artean, etxebizitza babestuak eraikitzeko lurzoruaren plangintzak onartu eta bultzatzea. Eskaintzaileen errolda berrikustea ere eskatzen da, iraungitako inskripzioak kentzeko.
