Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2018/21 Oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga (2013-2017) (Nafarroako Kontuen Ganberak oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren kudeaketa aztertu du. Txostenaren helburua zen, batetik, zergen diru-sarrerak aztertzea, eta prozedura zein kontrolaz ere iritzia ematea. Zergaren arduraduna Nafarroako Zerga Ogasuna da.
Oinordetza eta dohaintzen gainekoak pertsona fisikoak lorturiko ondare gehikuntzari ezartzen dio zerga. Oinordetza, beti ere, emailea hil ondoren gertatzen da. Dohaintza, berriz, emailea bizirik dagoen bitartean eginikoa da. Bietan ondasun, eskubideak zein aseguru kontratuak kontuan hartzen dira.
Oinordetzari dagokionez, Nafarroan ordaintzen da baldin eta emailea urte bete lehenagotik hemen bizi izan bada. Atzerrian bizi bada, zerga Nafarroan ordaintzeko nafar izaera politikoa eskatzen zaio.
Dohainen gainekoa hemen ordaintzeko emaniko ondasun eta eskubideak Nafarroan egotea eskatzen da. Gainerako ondasun eta eskubideetarako hartzaileak Nafarroan bizi behar du hemen ordaintzeko.
Autonomia elkargoen arteko aldea
Nafarroa eta beste hiru foru lurraldeek ez ezik, gainerako elkargoek ere zuzenean kudeatzen dute zerga hau, Estatuak hala erabakita. Txostenak dioenez, zerga tipo, kenketak eta gainerako baldintzak oso ezberdinak dira. Horren ondorioz, han eta hemen ordaintzen diren zerga kuotak ere diferenteak dira.
Ekonomialarien eta Zerga aholkularien Elkargoak txosten bat egiten du urtero, zergaren egoera aztertzeko. Txostenak argi islatzen du autonomia elkargoen arteko aldea. Oinordetzaren gaineko zergaz adibide bat erabili du: 30 urteko ezkongabe batek 800.000 euro jaso ditu aitarengandik. Aragoin 155.000 ordaindu beharko luke eta Andaluzian deus ez, milioi batetik beherako oinordetzengatik ez baita han deus ordaindu behar. Nafarroan, berriz, jasotzaileak 16.000 euro ordainduko luke. Gure lurraldea sailkapenaren beheko postuetan dago, gutxien ordaintzen dutenen taldean.
Dohaintzaren adibidea: seme edo alaba batek 800.000 euroko zenbatekoa jaso du ama edo aitarengandik. Andaluziar batek 208.000 euro ordainduko luke: Kanarietan 200 euro besterik ez. Nafarroan hor ere beheko postuetan dago: kuota 16.000 eurokoa litzateke.k
49 milioi bildurik
2017an, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak 49 milioi eman zizkion foru Ogasunari. Gehiena (44 milioi) oinordetzari dagokio. Kasurik gehienetan zerga ordaintzaileak berak egiten ditu kitapena. Beste batzuetan Ogasunak egiten ditu, zerga ordaintzaileak emaniko datuetan oinarriturik. Foru Ogasunak berak aginduriko kitapenak ere izaten dira, ordaindu ez duen zerga ordaintzailea harrapatzen dutenean. Eta, azkenik, Foru Ogasunak ere zuzenean egin dezake kitapena, bai oinordetzan eta bai dohaintzetan ere, zerga ordaintzaileak egin ez eta kuota finkatzeko informazioa duenean.
Ogasun Departamentuak zerga ordaintzaileek eginiko aitorpenen gaineko kontrola egiten du. Lan horrek 7,4 milioiko diru-sarrerak sortu ditu 2013tik 2017ra. Orain arte, horren %94 kobratuta dago.
Kontuen Ganberak ontzat hartzen du Gobernuak zergaren gainean egiten duen kontrola, Zerga Ogasunean dituzten bitartekoak kontuan harturik. Dena den, txostenak aholku batzuk ematen ditu kontrola indartzeko: zergen kudeaketan sistema informatikoak elkarri lotzea; zerga ordaintzaileak berak egiten duen kitapena automatizatzea, dokumentazioa errazago aurkezteko; ondasun guztiak aitorpenean sarturik daudela eta balioespena ongi egina dagoela frogatzea; eta zergari buruzko informazioa Ogasuneko beste zergen arduradunei eta beste elkargoetako arduradunei jakinaraztea.