Skip to main content

ASOCEX

2003/14 2003ko maiatzaren 25eko hauteskundeetako kontuei buruzko txostena

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak maiatzaren 25eko hauteskundeetako kontuei buruzko txostena kaleratu du. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen legearen 47. artikuluak dioenez, Comptos Ganberak alderdien dirusarrera eta gastuak aztertu behar ditu alderdiei dagozkien dirulaguntzak banatu aurretik. Arau-hausterik baldin badago, edo dirusarrera edo gastuetan gehienezko zenbatekoak gainditu badira, Comptos Ganberak dirulaguntza gutxitu edo bertan behera uzteko proposamena egin dezake.

Txostenaren hasieran Comptos Ganberak lanaren mugak azpimarratzen ditu. Izan ere, ez dira alderdien kontabilitateak eta ezta beraien finantziazio bideak ere aztertu, hori Madrilgo Kontu Epaitegiaren ardura baita. Eta alderdien gastu eta dirusarreren azterketa sakonak horixe eskatuko luke, alegia, ekonomi jardueraren azterketa osoa. Bestalde, Parlamenturako hauteskundeak eta Udal hauteskundeak egun berean egin izanak ere lana baldintzatu egiten du, hauteskunde bakoitzari dagozkion dirusarrera eta gastuak ezberdintzea zaila izaten delako.

Comptos Ganberak dioenez, Nafarroako Gobernuak alderdiei ematen dien diru-laguntza lorturiko botu eta eserlekuen araberakoa da. Eserleku bakoitzagatik 9.362 euro jasotzen dute eta botu bakoitzagatik 0,75 euro. Propagandaren banaketarako ere bada laguntzarik: 88.316 euro gehienez.

Txostenak emaniko datuen arabera, alderdiek 1.325.000 euro gastatu zituzten Parlamenturako hauteskunde kanpainian eta 1.140.000 euro jasoko dituzte. Legeak aurreikusitakoaren arabera, aurreko hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdi guztiek aurretik dirulaguntzaren zati bat jaso ahal izan dute (Azken hauteskundeetan jasotakoaren %30 gehienez). Aralarrek izan ezik, gainerako alderdi guztiek aipaturiko portzentaia jasoa dute. Aralarrek, berriz, ez du deus jaso, maiatzekoak lehenbiziko hauteskundeak zituelako.

Aurretik jasotako dirutza 239.000 eurokoa da eta, beraz, orain kobratu beharrekoa 902.000 eurokoa da.

UPN da diru gehien jasoko duena: 329.271 euro, hauteskundeetako gastuen zenbateko berbera. PSNk 237.688 euro jasoko ditu eta horixe da agiri bidez frogaturiko gastuen zenbatekoa ere. Ezker Batuak 154.000 euro gastatu eta 146.000 jasoko ditu. Aralarrek 179.000 euro gastatu eta 144.000 jasoko ditu. EA/EAJ koalizioak 238.000 euro gastatu zituen eta 142.000 euro jasoko ditu. Azkenik, CDNk 186.000 gastatu eta 142.000 euro jasoko ditu.

Txostenak dioenez, alderdi guztiek finakaturiko epearen barnean aurkeztu dituzte hauteskundeetako kontuak. Halaber, alderdi guztiek bete egin dute hauteskunde-kanpainiarako finkaturiko gehienezko gastua: 284.427 euro (propagandaren banaketa hortik aparte dago). Beraz, Comptos Ganberak alderdi guztiei dagozkien diru-laguntzak emateko oneritzia eman du.

Txostenak hobeki bete beharreko eskakizunetan bat nabarmentzen du: alderdiek hauteskunde kanpainietan jartzen duten dirua nondik datorren argitzea. Izan ere, gastaturiko dirua alderdiaren diruzaintzatik harturikoa denean, nondik datorren argitu behar da legez, baina ez da horrelakorik egiten.

Alderdiek aurkezturiko fakturei dagokienez, Comptos Ganberak gardentasun handiagoa eskatzen du: erositakoaren ondasun edo zerbitzuaren inguruko informazio argia, noiz erosi den eta zertarako. Azkenik, txostenak gogoratzen duenez alderdiei 6.000 eurotik gorako kredituak eman edo produktuak saltzen dizkieten guztiek horren berrri eman behar diote Comptos Ganberari. Hala ere, askotan ez da legez aginturikoa betetzen.