Skip to main content

ASOCEX

2004/27 Zizur Nagusiko Udala (2003)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2004/27 Zizur Nagusiko Udala (2003) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Zizur Nagusiko Udalaren fiskalizazio txostena argitaratu du. Txostenak aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza egoera aztertzen ditu. Datu guztiak 2003koak dira.

Zizur Nagusiko Udalak 12.492 biztanle ditu eta Udalaz gain beste hiru udal erakunde daude: Musika Eskola, Kultur Patronatoa eta Ardoi Kirol Patronatoa.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Zizur Nagusiko Udalak iaz 7,4 milioi euro gastatu eta 7,2 bildu zituen. Datu horiek aurrekontu defizita ematen badute ere, kontuen doikuntza egindakoan aurrekontu emaitzak superabita ematen du: 200.000 eurokoa, hain zuzen.

Gastuetan garrantzitsuenak ohiko ondasun eta zerbitzuak dira: 3,4 milioi euro. Udal eta patronatuetan ari diren 91 langileen soldateetan, berriz, 2,9 milioi gastatu zituen. Inbertsioei dagokienez, iazkoa gastuak 1,6 milioikoak izan ziren. Comptos Ganberak aztertu dituen inbertsioen artean ibaiko parkea eta udaltzaingoaren egoitzaren obrak daude. Lehenbizikoan 36.000 euroko inbertsioa egin zen eta udaltzaingoaren egoitzan, berriz, 219.000 euro gastatu ziren.

Comptos Ganberak dioenez, Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu iazko ekonomia jarduera eta baita aurrekontu egoera ere. Balantze egoera ere ondare egoeraren isla da. Dena den, gai horretan salbuespen bat dago, ondasun zerrenda gaurkotu gabe dagoelako.

Legezkotasunaren azterketa ere Udalaren aldekoa da, haren ekonomia jardueran legedia bete egiten delako.

Azkenik, finantza egoeraz ere txostenak aldeko iritzia ematen du. Izan ere, Zizur Nagusiko Udalak ez du epe luzerako zorrik eta, gainera, aurrezko gordina (ohiko gastu eta dirusarreren arteko aldea) ehuneko 5ekoa da.

Laburbilduz: Zizur Nagusiko Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua eta finantza egoera ona dauka. Comptos Ganberaren txostenak udal kudeaketa hobetzen segitzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Alde horretatik, Udal sailen eskumenak eta udalaren eta erakunde autonomoen arteko harremanak argitzeko araubidea egiteko proposamena egiten du.