Skip to main content

ASOCEX

2005/28 Tafallako Udala (2004)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/28 Tafallako Udala (2004) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Tafallako Udalaren 2004ko fiskalizazio txostena ezagutarazi du.

Txostenak honako gai hauek aztertu ditu: Udalaren aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna eta finantza egoera. Halaber, Comptos Ganberak aurreko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena egin du.

Txostenak emaniko datuen arabera, Tafallako Udalak iaz 14,8 milioi euro gastatu zituen eta 12,5 bildu. Zenbateko horiek Udalaren datuak ez ezik, hiru erakunde autonomoenak ere biltzen ditu: Musika Eskola, Kultura Patronatua eta Kirol Patronatua. Ciudad Deportiva Tafalla udal enpresaren kontuak ez daude sarturik Udalaren kontuetan.

Gastuetan nagusiak langileriarenak dira. Izan ere, 176 udal langileen soldatetan 4,9 milioi gastatu ziren. Inbertsioek 3,6 milioi egin zuten eta finantza aktiboen gastuak 3,2 milioikoak izan ziren. Fiskalizaturiko ekitaldian ohiko ondasun eta zerbitzuetan bi milioi euro gastatu ziren eta inbertsioek 1,9 milioi egiten dute.

Dirusarrerei dagokienez, ohiko transferentziak 3,7 milioikoak dira eta zuzeneko zergen bidez Udalak 2,2 milioi eskuratu zituen.

Ekitaldia amaituta, Udalak 1,1 milioi euroko superabita lortu zuen. Epe luzerako zorra ia bi milioitan gehitu zen, 9,1 milioiraino helduz. Horren zergatia Ciudad Deportiva Tafallaren gastuei aurre egiteko eskaturiko mailegua da.

Comptos Ganberak kezkagarritzat jotzen du Tafallako Udalaren finantza egoera, batez ere zor maila handiari aurre egiteko beharko dituen baliabideak sortzeko gai izanen ote den ez dagoelako garbi. Gainera, kontuan hartzekoa da zergak legeak aginduriko gehienezko zenbatekoan kobratzen dituela, hiri kontribuzioan izan ezik.

Udalaren memoriak berak jasotzen duenez, azken urteotan epe luzerako zorra nabarmen handitu da. Duela hiru urte 5,4 milioikoa zen eta iaz, esan bezala, 9,1 milioikoa.

Aurrekontu kitapena aztertuta, txostenak ontzat ematen du, 2004ko ekonomia jarduera ongi islatzen duelako. Egoera balantzeak ere ondare egoera ongi islatzen du, baina badira salbuespen batzuk ondasun zerrendari, funtzionarioen pentsioei eta udal kiroldegiari dagozkionak.

Laburbilduz: txostenak Tafallako udalaren ekonomia egoera larria dela azpimarratzen du. Izan ere, epe luzerako zorrari aurre egiteko gai izanen ote den ez dago batere garbi. Horren aurrean, Comptos Ganberak gastuetan zorrotz jokatzea eskatzen du, batez ere langilerian. Izan ere, langileria gastuak urtetik urtera handitzen ari baitira. Iazko igoera %10 izan zen.

Azkenik, Comptos Ganberak Ciudad Deportiva de Tafallaren kontuak auditatzeko gomendioa azpimarratzen du. Horrez gain, Udalak udal enpresaren gaineko kontrola areagotu egin behar duela dio.