Skip to main content

ASOCEX

2007/20 Nafarroako Unibertsitate Publikoa, (2004-2005)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2007/20 Nafarroako Unibertsitate Publikoa, (2004-2005) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Unibertsitate Publikoari buruzko 2004 eta 2005 urteetako fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Txostenaren bigarren zatian diafraktometro baten ersketa fiskalizatu da, Ezker Batua taldeak eginiko eskaerari erantzunez.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Nafarroako Unibertsitateak 66,5 milioi gastatu zituen 2005ean eta beste 6,6 milioi Universidad-Sociedad fundazioak. Gastuetan langileriaren soldatak dira handienak, Unibertsitateko 1.182 langileen soldatetan %55 gastatzen baita. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan %26 gastatu zen eta inbertsioetan %14.

67 milioiko dirusarrerei dagokienez, ohiko transferentziek %78 izan ziren, tasa eta prezio publikoe esker %17 lortu zen eta gainerako 55 kapital transferentzien bitartez eskuratu zen.

Txostenak dioenez, 2005eko amaieran unibertsitateak 5 milioitik gorao superabita izan zuen, eta diruzaintzako gerakina ia 13 milioikoa zen, dirutza horren erdia baino gehiagori zegokion gastua hitzartuta bazegoen ere. Unibertsitateak epe luzerako zorrik ez duela kontuan hartuz, begi bistakoa da ekonomia egoera ona dela.

Hala ere, kontuan hartzekoa da Unibertsitateak Gobernuaren transferenziak dituela dirusarrera nagusia, %83. Beraz, Unibertsitateak berak lortzen dituen dirusarrerak %17 besterik ez dira.

2004 eta 2005eko kontuak aztertuta, aurrekontu kitapena eta ondare egoea ongi islatzen dituztela dio txostenak. Alde horretatik, aipatzekoa da hauxe dela Comptos Ganberak aldeko iritzia ematen duen lehenbiziko aldia, orain arteko txostenetan ezin baitzuen kontuen gaineko iritzirik eman.

Legezkotasunari dagokionez, bi arazo nabarmentzen dira: batetik, zuzenbide zerbitzuaren kontratazioa eta Unibertsitateak fundazioari ematen dizkion agindu-kontratuak. Lehenbizikoa legearen babesik gabe egin delako, eta bigarrenean prozedurak bete ez direlako.

Comptos Ganberak azken urteotako txostenetan eskainitako gomendio batzuk bete egin direla nabarmentzen du: kontratazio espedienteak hobeki egiten dira, BEZ zergaren egoera konpondu da eta administrazio eta zerbitzuetako lanpostuak kontsolidatu dira.

Oraindik betetzeko dauden gomendio nagusiak hauek dira: ikerketa proiektuen kudeaketarako arautegia, plan estrategikoak finkaturiko helburuak zenbateraino betetzen ari diren aztertzea, langileriaren sarrera kontrolatzea, ikerketa-lerro estrategikoak finkatzea eta kostuen gaineko sistema martxan jartzea.

Comptos Ganberak diru publikoaren kudeaketa desegokia salatzen du Ikerketa eta Garapenarako eginiko eraikinari dagokionez. 2006an amaituriko inbertsioan 2,6 milioi gastatu ziren eta orain arte ez da erabili.

Diafraktometroaren erosketari dagokionez, legedia ez betetzeaz gain ez zen behar bezala prestatu eta gaizki kudeatu zen. Erositako tresna radioaktiboa bazen ere ez zen neurririk hartu segurtasun eskakizunak betetzen zirela ziurtatzeko. Nolanahi ere, segurtasun kontseilu nuklearrak eginiko txostenaren arabera, erabiltzaileek ez zuten arriskurik hartu tresnarekin lanean aritu ziren bitartean.

Comptos Ganberak dioenez, kasu honetan diru publikoen kudeaketa ez-eraginkorra izan zen. Izan ere, tresna baimenik gabe erabili zen 2004ra arte eta geroztik ez da erabili. Unibertsitateak 108.000 euroko gastua egin zuen tresna hori erosteko eta erdia diru laguntza bati esker eskuratu zuen.